Herriko baserri, ermita eta beste hainbat leku eta eraikuntzen 700dik gora leku-izen batu dituzte.
Herriko baserri, ermita eta beste hainbat leku eta eraikuntzen 700dik gora leku-izen batu dituzte udalarentzako egindako azterketaren emaitzak erakusketan ipiniko dituzte azaroaren 16an eta 17an Errota kultur etxean, 18 eta 19an Zelaietako udal mediatekan: osatutako zerrenda kontsultatu, eta iradokizunak egin ahalko dituzte herritarrek.
Burututako toponimia ikerketan bildutako informazioa herritarrei aurkeztu, eta euren iradokizunak jaso ostean informazio guztia Euskaltzaindiara bidaliko dute, izen horiek indarrean dauden arauetara egokitzen ote diren egiazta dezaten. Lanaren helburua, hizkuntza ondarearen alderdi garrantzitsua jaso, babestu eta herritarren artean zabaltzea dela azpimarratu du udal gobernuak.
Lanaren abiapuntua, orain urte batzuk herritar talde batek egindako ikerketa izan da, eta Udalak eskatuta, Mila Salterain herritarrak berrikusi eta osatu du orain, bilduma hura. Hainbat artxibotan aurkitutako dokumentazioa eta liburuetatik jasotako datuak erabili ditu Salterainek lana burutzeko, eta auzoz auzo hainbat herritarrekin ere kontrastatu ditu jasotako izenak.