Abadiñoko tabernek eta jatetxeek lila puntua duten 96.000 eskuzapi emango dituzte

Anboto 2010ko aza. 9a, 09:44

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira udalak sortutako kanpaina da.

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira udalak sortutako kanpaina da. Abadiñoko Udalak herriko tabernetan eta jatetxeetan lila puntua –emakumeenganako indarkeriaren kontrako ikurra– duten 96.000 eskuzapi banatuko ditu. Gainera, udalak ikur bera duten 200 irudi banatuko ditu saltokietan, tabernetan eta jatetxeetan, eta azaroaren 15etik urte amaierara arte sinbolo hori ipiniko du eraikin publiko guztietan. Halaber, bidalitako gutun ofizial guztietan bereizgarri hori jarriko du, \"Emakumeen aurkako indarkeriari ez\" lemaren alboan. Ekimena Abadiñoko Udalak bultzatu duen kanpainaren barruan dago. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunagaz –azaroaren 25a– lotzen den lila puntuaren irudia sustatzea dute helburu. \"Udalari esker, Abadiñoko bizilagunek kanpainaren alde daudela erakutsi ahal izango dute; izan ere, lila puntua daramaten kartelak banatuko ditu, beren etxeetako leihoetan jar ditzaten\", azaldu dute prentsa oharrean. Errota kultur etxean eta udal mediatekan jaso ahal izango dituzte kartel horiek. Lila puntuaren hedapenaren abiapuntua Eudel Euskal Udalerrien Elkarteen eta Berdinsarea Berdintasunaren aldeko Udal Sarearen arteko akordioa izan da. Ildo beretik, Argi Abad Berdintasuneko zinegotziak azpimarratu du oso garrantzitsua dela herritar guztien parte-hartzea, \"gaitz\" horrekin amaitzeko. \"Irudi sinboliko hau hedatu gura dugu, emakumeen kontrako indarkeriari amaiera eman behar diogula erakusteko\". Sinbolikoa dela onartu du, \"baina gizarte kontzientziazioak berebiziko garrantzia du genero indarkeria errotik ateratzeko\", bere ustez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!