\"Hirigintza ereduak birplanteatzeko\" helburuagaz sortutako ekimenaren barruan ipini dituzte erakusketak Errota eta Txanporta kultur etxeetan.
Hiria bizitzeko dauden askotariko moduak, udaleko hirigintza pentsatu eta diseinatzerakoan kontuan har ditzaten, ereduak birplanteatzeko helburuagaz sortutako ekimenaren barruan ipini dituzte erakusketak Errota eta Txanporta kultur etxeetan. Udaleko Berdintasun teknikaria, zinegotzia, eta Hiria Kolektiboko Oihana Ruiz eta Saioa Zuazubizkarrek egin dute erakusketaren aurkezpena.
Ume txikiak dituen guraso batek, elbarri batek, emakume batek, heldu berria den etorkin batek, modu baten bizi dugun herria diseinatzerakoan abadiñarrek ontzat jotzen dituzten alderdiak -iluntasuna, irisgarritasunik eza, zikinkeria, utzikeria-, zein txartzat jotzen dituztenak -ederra, lasaia, garbia- zeintzuk diren adierazi ahalko dute kultur etxeetan ipini dituzten planoetan. Erakusketan, bestalde, hiriko guneak jasotzen dituzten argazkiak zein bideo bat ere ipini dituzte ikusgai.
Hirigintzan eta arkitekturan, \"normalean ez dira ikuspuntu horiek guztiak kontuan hartzen, normatibak oso fisikoak izaten dira\", azaldu du Hiria Kolektiboko Oihana Ruizek. Herria zelan \"erabilgarri egin, zelan lortu jendeak espazio publikoa bere egin\" dezan, ez da aztertzen gehienetan. Horretarako uste dute beharrezko gizartearen behar eta desio horiek jaso eta helaraztea, eta gizonek zein emakumeek, gaiari buruzko hausnarketa egitea guztiok.
Hirigintza diseinatzerakoan Udaleko agintarien konpromisoa ez ezik, herritarren parte hartzea oso garrantzitsutan jotzen dutelako, hirigintza eta generoari, eta perspektiba sozialari buruzko tailerra ipini zuten Berdintasun sailak eta Hiria Kolektiboak martxan, hori baita euren berbetan, \"proiektuaren ardatza\". Zelaietan eta Traña-Matienan eratu dituzten taldeetan, eta guztira 19 emakume abadiñarrek hartu dute parte, eta tailerretan osatutako panelak ere ipini dituzte azaroaren 19ra arte ikusgai.