Gobernuaren proposamenaren kontra bozkatu zuten jeltzaleek eta ezker abertzaleko zinegotziek martitzeneko udalbatzarrean.
Traña-Matienako osasun zentrua handitu dezan, lehen jubilatuen etxea zen udal jabetzako 170 metro karratuko lokala Osakidetzari lagatzeko gobernuaren proposamenaren kontra bozkatu zuten jeltzaleek eta ezker abertzaleko zinegotziek martitzeneko udalbatzarrean.
Berez Traña-Matienako osasun anbulategia zabaltzearen kontra ez dagozela nabarmendu zuen ezker abertzaleko bozeroaleak, baina \"azken bi urteotan gaia zelan kudeatu duten ikusita zalantza asko\" dituztela azaldu zuen Basauri zinegotziak. Orain urte bi, EAEko osasun erakunde publikoak Traña-Matienako zentrua handitzeko beharra adierazi zuenetik, informazio kontraesankor larregi zabaldu dela nabarmendu zuen ezker abertzaleak atzoko plenoan. \"Zer gertatzen da gainontzeko auzoekin?\", gaineratu zuen Basaurik, eta Muntsaratz eta Zelaietako anbulategietan ere arazoa dagoeneko badagoela azpimarratu.
Herrian asistentzia sanitarioari dagokionean arazoa erreala dela, eta \"soluzio global bat\" eman behar litzaiokeela adierazi zuten oposizioko taldeek. Osakidetzagaz herriko zentru biak indartzea bermatuko duen hitzarmen bat lotzea proposatu zuen ezker abertzaleak: \"zentru bien aldeko apustua eginez\", eta ez, Basaurik azpimarratu zuenez, zerbitzuak zentralizatuz.
Osasun zentrua handitzeko lehen jubilatuena zen lokala libre uzteko, jubilatuen egoitza eskolaren eremura leku-aldatu zutenetik, jubilatuen elkartekoak \"espazio faltagatik kexu\" direla gogorarazi zuen Axier Garate bozeroale jeltzaleak. Bestalde, \"Osakidetzaren proiektuaren eta asmoen inguruko informazio gehiago ez dugun artean, kontra bozkatuko dugu\", amaitu zuen Garatek.
Marian Larrauri EAJko zinegotziaren interpelazioz, \"Osakidetzaren jarrerari dagokionean zuek dituzuen zalantzak neuk ere izan ditut, baina argi daukadana, Traña-Matienako zentrua handitzeko beharra egon badagoela da\", erantzun zuen Abadiñoko Independienteak taldeko Jose Luis Navarro alkateak. Oposizioak gobernuaren proposamena atzera bota duenez, \"gaia lantzen jarraitu beharko dugu\", adierazi zuen alkateak. Bariku honetan Osakidetzagaz hitzartuta daukan batzarrera gonbidatu zituen udalbatzarrean ezker abertzaleko eta EAJko ordezkariak, Jose Luis Navarro alkateak.