Aurtengo ziklo kross denboraldirako hiru txirrindulariko taldea osatu dute Hirumeten: Daniel Ruiz (20 urte, Gernika) eta Xabier Garcia (23 urte, Elorrio) batu zaizkio.
Urte bian Egoitz Murgoitiok (27 urte, Abadiño) bakarrik korritu du Hirumeten elastikoagaz. Aurtengo ziklo kross denboraldirako hiru txirrindulariko taldea osatu dute: Daniel Ruiz (20 urte, Gernika) eta Xabier Garcia (23 urte, Elorrio) batu zaizkio.Hirumet ziklo kross taldea aurkeztu duzue. Proiektu berria da, anbiziotsua.
Lehenengo urtean ilusioz beteta gaude. Ilusioa pizten duen proiektua da. Anbizioa ere badu, bai, nazioarteko mailan gehiago ibiliko garelako. Horrek txirrindularien aldetik erantzukizuna ere eskatzen du.
Babesleen aldetik horrelako babesa sentitzeak entrenatzera joateko poza eman behar du.
Bai. Hirumetek egindako apustua ikusita, norberari ere entrenatzeko gogoa pizten zaio. Gainera, neguko entrenamendu busti eta hotzetan ondo etortzen dira ondoan lagunak, eguneko penak kontatzeko bada ere.
Egutegiari dagokionez, aurten inoiz baino nazioartekoagoa da.
Ahal ditugun Munduko Kopako lasterketa denak korrituko ditugu. Esperientzia hartzea izango da helburua, apurka hobetzen joan eta Europa mailako eskakizunetara saltoa emateko.
Zeu baino gazteagoak diren txirrindulari bi batu dituzue taldera. Gaztetasuna bilatu duzue?
Txirrindulari gazteak izatea gura genuen, eurek ere ikasteko denbora izan dezaten. Normalean, kanpora irten diren txirrindulariak behin adin batera helduta irten dira eta, nire ustez, inportantea da gaztetatik hastea, esperientzia batzen hasteko. Luzarora on egingo die.
Gaztetasunak epe laburrean pazientzia eskatzen du.
Apurka-apurka hazten joan behar dute. Aurten ondo ibili eta lasterketak irabazteko erantzukizun handiena duena ni naiz.
Etorkizuna bai, baina oraina ere badira. Daniel Ruizek iaz denboraldi oso ona osatu zuen.
Txirrindulari gaztea da, eta gauzak ondo egiteko gogo handia dauka. Indar handia dauka eta zirkuituetan oso ondo moldatzen da. Iaz Espainiako Txapelketa irabaztetik gertu geratu zen, eta aurten horrexek izan behar du bere helburua.
Hirugarrena Xabier Garcia da.
Aurtengoa du lehen urtea elite mailan. Iaz 23 urtez azpikoan ondo ibili zen, baina aurten erantzukizun handiagoa izango du. Munduko Kopako lasterketa batzuk ere korrituko ditu, eta salto hori ematen ahalegintzea izango da bere zeregina.
Oraintsu, Belgikan egon zarete lasterketa batzuk korritzen.
Han hilabete lehenago hasten da denboraldia, eta honako prestaketa lanerako balio izan digu. Hangoa beste maila bat da; Stybar munduko txapeldunagaz eta beste txirrindulari handi batzuekin korritu dugu, eta gure helburua esperientzia eta kilometroak pilatzea izan da.
Zelan aurkitu zara?
Sentzazio baikorrak izan ditut. Pare bat lasterketatan arazo mekanikoak izan nituen, baina azkenekoan 24. amaitu nuen eta UCI mailako 50 onenak hantxe zeudela kontuan hartuta, pozik egoteko postua da.
Asteburuan Valladoliden bigarren amaitu duzu, Javier Ruiz de Larrinagaren atzetik. Elkar ondo ezagutzen duzue.
Azken urte bietan borroka asko izan dugu, eta aurten ere antzekoa gertatuko dela dirudi. Eskatzen hasita, ea hurrengoan emaitza alderantzizkoa den.
Zuk zeuk zer helburu dauzkazu?
Estatu eta Euskal Herri mailan lasterketak irabaztea; lasterketak hasi aurretik horrexek behar du helburua, gero errepideak ipiniko du bakoitza bere tokian. Nazioarte mailan koska bat igo gura nuke; iaz 23. eta 24. geratu nintzen Trevison eta Igorren. Aurten lehen 20en barruan geratzea lortu gura nuke.
Aurten helburuak bete barik gera daitekeena Contador da.
Albiste nahiko nahasiak entzun dira; komunikabide bakoitzak gauza bat esaten du. Auzia bere alderako argitzea itxaroten dut, horrela bada txirrindularitzaren onerako ere izango baita.