Joan zen uztaileko datagaz Jose Luis Navarro alkateak sinatzen duen dekretua aurkeztu zuen gobernuak udaleko osoko bilkuran.
Joan zen uztaileko datagaz Jose Luis Navarro alkateak sinatzen duen dekretua aurkeztu zuen gobernuak udaleko osoko bilkuran.Orain hiru urte Muntsaratzeko etxebizitzak eraikiko zituen promotorak eta udalak sinatutako hitzarmenean zenbait aldaketa jasotzen ditu dekretu horrek. Talde Independienteko Navarro alkatearen berbetan, \"hasierako hitzarmena sinatu zeneko egoera ekonomikoa bestelakoa zen, eta egungo egoerara moldatu beharra ikusi dugu\".
Muntsaratz auzoan babeserako etxebizitzak eraikitzen diharduen promotoragaz udalak sinatuta zeukan hitzarmenean egin diren aldaketak, \"lursail horretan eraikiko dituzten prezio tasatuko etxebizitzei dagozkien hiru kontzeptutan egin\" dituztela azaldu du Navarro alkateak. \"Bizi dugun ekonomi krisiaren aurrean, etxebizitzak saldu daitezela\" lortzea omen dute aldaketek helburu.
Orain hiru urte sinatutako hitzarmenean etxebizitza tasatuen jabe herritar abadiñarrak bakarrik izan bazitezkeen, baldintza berrien arabera, eta alkateak azaldu duenez, \"azken hamar urteetan urtebetez Abadiñon erroldatuta\" egon izan direnek ere eman ahalko dute zerrendan izena. Bestalde, eta Talde Independienteko alkatearen berbetan, \"bataz besteko prezio mugaz 240.000 euroan\" egon arren, metro karratuaren araberako prezioa ezarri dute (2.800 euro metro karratuko): \"etxebizitzen prezioa tamainaren araberakoa izan daiten\".
Amaitzeko, prezio tasatuko etxebizitza bat eskuratzeko zerrendan izena emateko baldintzetako bat, une horretan beste etxebizitzarik ez edukitzea zehazten zuen aurreko hitzarmenak. Orain, udalak tasatutako etxebizitzaren eskriturak egiterako unean ezin daiteke beste etxebizitza baten jabe izan: aurretik beste etxebizitza bat daukanak, beraz, tasatuetako bat eskuratzeko zerrendan izena eman ahalko du.
\"Farsa inmobiliarioaren ondorioa da UR-8\"
Gogor salatu zuen atzoko plenoan Araitz Basauri ezker abertzaleko zinegotziak, \"gazteen beharrizanei erantzungo zien etxebizitza promozio moduan aurkeztu zutena\", hitzarmen berria honegaz beste erosle profil bati zabaldu izana: \"hainbeste aipatu dituzten gazteek ezin dituzte prezio horiek ordaindu, eta etxe barik jarraitzen dute, beste batzuek atzera egin behar izan dute...\". Atzoko plenoan behin betiko onartuta geratu zen hitzarmena, \"diru publikoagaz, eta enpresa eraikitzailearen neurrira\" prestatu dutela salaltu zuen ezker abertzaleak.
Aurreko hitzarmenaren arabera \"prezio muga bat zegoen ezarrita\", azpimarratzen du Basaurik, \"eta orain promotorearen neurrira ipini dituzte baldintzak: etxizitza handiagoak, prezio altuagoan egin ditzake\". Gobernuak gaia lantzeko baliatutako moduagaz bere desadostasuna adierazi zuen ezker abertzaleak, \"dekretua plenora aurkeztu, eta bozketarik ez egotea aprobetxatu\" dutelako bozeroalearen berbetan.