Auzotarrek eurek deitu dute isurketaren berri ematera Jaurlaritzako Ingurumen sailera, eta errekan izan dira Ura Agentziaren teknikariak datu-bilketa egiten.
Uztailaren 12an gertatu zela asteburu honetakoaren aurreko isurketa, eta erreka leheneratzen eta bizia berreskuratzen hasia zegoenean ur kutsatuan berriro ehundaka arrain eta karramarro hil direla salatu dute Mendiolako auzokideek. Auzotarrek eurek deitu dute isurketaren berri ematera Jaurlaritzako Ingurumen sailera, eta errekan izan dira Ura Agentziaren teknikariak datu-bilketa egiten.
Oso ur gutxigaz dator asteotan erreka, eta dauden ur-putzuetan bista daude kutsadurak hildako animaliak. Uztaileko eta zein azkenengo isuri kutsakorraren jatorria aldameneko enpresa dela dirudi: duela zenbait urte hondakinak errekara bota beharrean gordetzeko sistema berria ipini zuten bertan, baina enpresaren kanpoaldean metatzen dituzten hondakinetatik filtratzen omen da kutsadura errekara.
[img]http://www.anboto.org/images/8000/8084/1.jpg[/img]
Gogaituta daudela egoeragaz diote auzotarrek: amuarrainak, karramarroak eta beste hainbat arrainen bizilekua azken hile biotan birritan kutsatu dutelako batetik, eta baita, errekako ura ortuak ureztatzeko erabiltzera ere ez direlako ausartzen.
Auzotarrek kontatu digutenez, orain hamarkada bat inguru urtean behin gutxienez (azaldu dutenez gehienetan udako oporren bueltan), aldameneko enpresako isuriren baten inguruko salaketa ipini behar izaten zuten: askotan bizi izan dute egoera hauxe. Azken lau-bost urteetan baina, egoera asko hobetua zegoela eta uztailekora arte beste isurketarik ez dela gertatu nabarmendu dute mendiolarrek. Dagokien agintariei, halako isurketarik berriro gertatu ez dadin neurriak har ditzatela eskatu diete auzotarrek.