Auzotik pasakeran kamioiek hartzen duten abiadura handiak kezkatuta

Anboto 2010ko eka. 4a, 10:20

Goizeko 08:00etatik 19:00ak arte auzoan 50 kamioi dabiltza asteotan eten bako joan-etorrian. Obraren arduradunagaz berba egingo duela, eta jarriko dela eurekin kontaktuan erantzun ei die alkateak.

A8 autobidearen hirugarren erreila egiteko obran sortutako lur-soberakinak Garain ipini duten hondakindegira eroateko, Gerediaga auzotik igarotzen diren kamioiek hartzen duten abidadura dela-eta, alkateari euren kezka jakinaraztera hurreratu dira auzotarren hiru ordezkari udalera asteon. Batez ere bueltan datozenean kamioiek hartzen duten abiada zelanbait mugatu beharra dagoela, eta \"berak zeozer egin behar lukeela\", adierazi diote auzotarrek alkateari. Obraren arduradunagaz berba egingo duela, eta jarriko dela eurekin kontaktuan erantzun ei die alkateak. Auzotik igarotzen diren kamioien abiadurari buruzko kezkaz gainera, bestalde, Matienatik Gerediagara joateko oinezkoendako lurpeko pasabidearen ordez errepidean markatu duten behin-behineko ibilbidea \"oso arriskutsua\" dela, eta semaforo baten beharra dagoela adierazi diote batzar berean alkateari. Bestetik, \"kamioien joan-etorriak hasten zirenerako eginda egongo zela zioten oinezkoendako bidea zatika\" egiten dabiltzala, eta arekarik egin ez dutenez, bidea garbitu osteko ur-zikinak auzokideen landa eta etxe-atarietan amaitzen dutela salatu dute. Lanek eragindako zarata eta zikinez gainera, \"lupetza guztiak ez ditugu zertan gure etxe atarietan irentsi\", diote auzotarrek. Ura \"behar bezala bideratu dezatela\" eskatzen dute horregatik. Auzotik igarotzen den kamioi kopurua, sortzen duten zarata eta zikinkeria \"sufritu beharraz\" zelanbait jabetuta zeudela diote auzotarrek. Azken bi hileetako lanen ondorioz, baina, alkateari mahai-gaineratutako kalteak \"jasateko ez\" daudela prest diote auzotarrek. Kamioien abiadurari eta urak bideratzeari dagokionez hamabost egunen buruan konponbiderik ez badago, mobilizatu egingo direla aurreratu dute auzotarrek. Goizeko 08:00etatik 19:00ak arte auzoan 50 kamioi dabiltza asteotan eten bako joan-etorrian.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!