Gutxieneko distantzia errespetatu barik, euren etxeetatik hiru metro baino gutxiagora ipini dituztela lurpeko zaborrontziak salatu zuten udalbatzarrean.
Muntsarazko \"Arlozabal plazako 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako auzotarrak\" izenpetutako idatzi bategaz hurreratu zen auzotar talde bat, eguaztenean, Udaleko osoko bilkurara.
Gutxieneko distantzia errespetatu barik, euren etxeetatik hiru metro baino gutxiagora ipini dituztela lurpeko zaborrontziak salatu zuten udalbatzarrean, eta \"Udalak gaiari buruz ez duela bizilagunekin inolako komunikaziorik landu\".
Bestalde, zaborrontziak lurperatzeko lanetan, ondoan kokatuta dauden gasaren txaboletan arrakalak eragin dituztelako, euren ardura adierazi zuten auzotarrek. Arlozabal plazako 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako auzotarren eskaria, egindako zuloa estali eta zaborrontziak beste leku batean egitea dela azaldu zuten. Navarro alkateak, euren eskaera laster erantzungo dutela esan zien, baina \"gaitz\" ikusten duela lekualdatzea.
Euren etxe ondoan etxebizitzak eraikitzen diharduen enpresak ordutegiak ez dituela errespetatzen, eta gauez zarata jasanezina eragiten duela ere salatu zuten plenora ekarritako idatzian.