Jeltzaleen "jakin eta egin Abadiño 2012" egitasmoa

Anboto 2010ko mai. 18a, 14:02

Azken hilabeteetan herriaren \"etorkizunari begira\" hausnarketa egin dutela azpimarratu dute komunikabideen aurrean jeltzaleek.

Udalean oposizioan daramatzaten ia lau urteetan, \"herria beste ikuspegi batetik ikusteko aukera\" izan dutela, eta azken hilabeteetan herriaren \"etorkizunari begira\" hausnarketa egin dutela azpimarratu dute komunikabideen aurrean jeltzaleek. Datozen bi urteetarako zeintzuk arlotan ikusten duten herrian \"hobetu beharra\" iradoki dute prentsaurrekoan. \"Zelako Abadiño nahi eta behar dugu\" gaiari buruz gogoeta egin dutela, eta zortzi arlotan jardungo dutela azpimarratu dute. Alderdiaren egungo bozeroalea den Axier Garate, eta 2011ko hauteskundeetan EAJren zerrendaburu izango den Eneko Etxebarria izan dira Batzokian kanpaina aurkezten. Etxebarriak azaldu duenez, \"hauteskundeak urte beteren buruan izan arren, epe luzeagoan garatu beharreko erronkak dira zortzi arlori dagokienez zehaztu ditugunak\". Euren iritziz, \"enplegua, etxebizitza soziala, hezkuntza, osasuna, trafikoa eta aparkalekua, ingurumena, segurtasuna eta euskara\" direla \"erronka nagusiak\" azaldu dute jeltzaleek, eta gai horien inguruko ekintza zehatzak datozen hilabeteetan zehaztuko dituztela. Udal Gobernuan daraman denboran, Talde Independienteak \"inprobisatzen\" jardun duela azpimarratu du egun jeltzaleen bozeroale den Axier Garatek, eta bere alderdiko Uriarte alkate zen garaian \"ereindako hazien fruituak biltzen\" baino ez duela jardun azken legegintzaldian Gobernuak. \"Inguruko gainontzeko herriak etenbako garapenean diharduten bitartean, Gobernu honek ez dauka epe luzerako egitasmorik\", esan du Etxebarriak, eta Talde Independientean \"ez dago aurreikuspenik\", salatu du Garatek. Aurkezpen berean aurreratu dute bestalde, datozen asteetan jakinaraziko duela EAJk Eneko Etxebarriagaz batera zeintzuk hautagai aurkeztuko dituen urtebete barruko Udal hauteskundeetara. Horrekin batera, \"herritarrek euren proposamen eta ekarpenak egin ditzaten webgune bat martxan\" ipiniko dutela aurreratu du Etxebarria zerrendaburuak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!