Zortzi langabe kontratatu ditu Udalak gauetan zaintza-lanak egiteko

Anboto 2010ko mai. 17a, 09:32

Talde Independienteko Gobernu taldeak jakitera eman duenez, astelehenean hasi ziren herriko zortzi lagunok beharrean. Gobernuaren oharrean azpimarratzen denez, \"diru-sarrerak berreskuratu ahalko dituzte langabeek, eta lapurretak gutxitu egingo dira\".

Talde Independienteko Gobernu taldeak jakitera eman duenez, astelehenean hasi ziren herriko zortzi lagunok beharrean. Gobernuaren oharrean azpimarratzen denez, \"diru-sarrerak berreskuratu ahalko dituzte langabeek, eta lapurretak gutxitu egingo dira\". Udalak eta INEMek bultzatutako gizarte-planak jasotzen duen neurrietako bat da Abadiñon martxan ipini dutena: gauetan (hamabietatik goizeko seirak arte) zaintza-lanak egiteaz gainera, bideko segurtasuna hobetzeko eta espaloiak konpontzeko lanak ere egingo dituzte zortzi langabeok. Navarro alkatearen berbetan, \"lana galdu aurretik zituzten diru-sarrerak berreskuratuko dituzte bost hilabetez langileok\". Autoz egingo dituzte gauetan zaintza-lanak, eta Gobernuak azaldu duenez, \"ibilbidean liskarren bat gertatuz gero, ez dute zuzenean esku hartuko\": edozein arazo egonez gero, Ertzaintzari jakinaraztea izango omen da euren beharra. Bost hilabeteren ostean, langabezian dauden beste zortzi lagunek beteko dute hauen postua. Gobernu taldeak nabarmendu duenez, gauean zaintza-lanak egiten, Traña-Matienan bi, Muntsaratz eta Zelaietan beste bi langilek jardungo dute. Gainontzeko lau lagunek berriz, eskola-umeen bide-segurtasuna zaindu eta Udalarentzako bestelako egingo dituzte: espaloiak konpontzen jardungo dute, besteak beste. Gobernuak jakitera eman duenez, INEMek eta Udalak, erdi-bana finantzatuko dute aipatutako egitasmoa, eta guztira, 48.960 euroko aurrekontuagaz burutuko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!