18 langile kaleratu gura dituztela salatu dute

Anboto 2010ko mai. 5a, 09:42

Abadiñoko EMA (El Material Aislante) enpresak aurkeztutako bideragarritasun plana salatu du ELA sindikatuak. LABek azaldu duenez, bileretan dabiltza \"egoera eztabaidatzen\"

Abadiñoko EMA (El Material Aislante) enpresak aurkeztutako bideragarritasun plana salatu du ELA sindikatuak. El Material Aislante Abadiñoko enpresak 18 langile kaleratu gura dituela salatu du ELAk, \"zuzendaritzak bideragarritasun-plana aurkeztu dio Enpresa Batzordeari eta planaren ondorioz 18 behargin kaleratu gura dituzte\". Enpresak eraikuntzako hodiak ekoizten ditu eta ELAk jakinarazitako datuen arabera, momentu honetan plantillan 59 behargin daude, iaz baino 15 gutxiago. ELAk dioenez, \"enpresak kaleratzeko duen asmoa gauzatuz gero, plantillan 41 behargin geratuko lirateke\". Kaleratzeez gain zuzendaritzak soldatak %10era jaitsi gura duela adierazi du ELAk. Enpresaren asmoak ikusita ELAko Atal Sindikalak enpresako zuzendaritzari \"proposamena erretiratzeko eta lanpostu guztien egonkortasuna ziurtatzen ahalegintzeko\" eskatzen dio. Sindikatuak azaldu duenez, \"El Material Aislanteko Zuzendaritzak dio, doikuntza-neurriak Elkargiren babes ekonomikoa duela\". Beraz, \"Elkargi prest dago bideragarritasun-planari abala emateko\". ELAk salatzen duenez, \"Elkargi moduko erakundeek, lanpostuak finkatzeko proiektu emankorrak bultzatu beharrean, kaleratzeak eta lan -prekarietatea areagotzea sustatzen dute\". Horren harira, ELAko Atal Sindikaletik salatzen dute \"enpresek enplegua suntsitzeko eta lan baldintzak okertzeko diru laguntzak erraztasun handiz eskuratzen\" dituztela. El Material Aislante enpresan LAB sindikatuak du gehiengo sindikala bi delegaturekin, eta LABek azaldu duenez, bileretan dabiltza \"egoera eztabaidatzen\". Datorren astean \"beste batzar bat\" dutela aipatu du LABeko ordezkariak, eta ez dakite argi \"enpresak zer jarrera hartuko duen\". Bilera ondoren erabakiko du sindikatuak zer egin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!