Langile euskaldunen zerrenda osatuko du Udalak

Anboto 2010ko mai. 3a, 10:54

Langile euskaldunen eta langile eskatzaileen arteko bitartekaritza lana egingo du langile euskaldunen lan-poltsa sortuz Abadiñoko Udalak.

Langile euskaldunen eta langile eskatzaileen arteko bitartekaritza lana egingo du langile euskaldunen lan-poltsa sortuz Abadiñoko Udalak. Umeak edo adinekoak zaintzen dituzten langile euskaldunek, aisialdiko eta kiroleko begiraleek, eta eskola partikularrak ematen dituztenek eman ahalko dute lan-poltsan izena. Goian aipatutako zerbitzuak eskaini ditzaketen langile euskaldunak eta zerbitzu horiek kontratatuko lituzketen herritarrak harremanetan jartzea da Udaleko Euskara Arloak martxan ipiniko duen ekimenaren helburua. Udaleko euskara-teknikariak azpimarratu duenez, \"langile horiek umeekin eta gazteekin egiten duten lana oso garrantzitsua da euskararen transmisioa familiaren esparruan edo gazteen artean bultzatzeko, eta euskararen etorkizunari begira berme bat da hori\", eta horregatik, Udaleko I. Euskara Planean jasotako ekimena da lan-poltsa hau sortzea. Langile euskaldunen zerrendan hartu gura duten langileek Txanporta eta Errotako Kultur Etxeetan eman ahal izango dute maiatzaren 14ra arte izena. Langile guztien zerrenda, udal-bulegoetan egongo da maiatzaren 24tik aurrera ikusgai. Bestalde, euskera@abadiano.org helbide elektronikoan eskatuta ere eskuratu ahal izango da Abadiñoko langileen zerrenda.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!