Gaur eguerdian komunikabideak deitu ditu Jose Luis Navarro alkateak, Traña-Matienako Osasun Zentroa \"zabaltzeko proiektuak aurrera darraiela\" eta gaia Osakidetzagaz lantzen jarraitzen dutela esateko. Jeltzaleei \"herritarrak informazio faltsuekin nahastea\" egotzi die alkateak.
Gaur eguerdian komunikabideak deitu ditu Jose Luis Navarro alkateak, Traña-Matienako Osasun Zentroa \"zabaltzeko proiektuak aurrera darraiela\" eta gaia Osakidetzagaz lantzen jarraitzen dutela esateko.
Matienako anbulategia handitzea 2010 urte honetan egitea Osakidetzaren lehentasunen artean ez egoteko arriskuaz jabetuta, Osasun Zentroak zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak aukeran ipini duen diru-laguntza eskatu duela Udalak azaldu du alkateak. \"Normalena Eusko Jaurlaritzak lanak burutzeko behar dugun 52.000 euroko aurrekontua bere osotasunean finantzatzea litzateke\", dio Navarrok.
Osasun Zentroaren aldamanean dagoen Jubilatuen Egoitzaren erdia hartuko duela Osasun Zentroak dio, eta proiektuaren planoak eskuan hartuta azpimarratu du \"benetan larria\" dela gaur egungo zentroan dagoen \"leku falta\". Espazio berrian kontsulta pasatzeko eta gaixoen harrerarako gune berriak egingo dituzte. Jeltzaleei \"herritarrak informazio faltsuekin nahastea\" egotzi die alkateak.
Oposizinoa
Jeltzaleek eguaztenean komunikabideetara bidalitako prentsa oharrak ipini zuen osasun etxearen obren finantziazioaren gaia mahai gainean.
EAJk kritikatzen duenez, \"350.000 euroko kostua izan du Osasun Zentroa zabaldu ahal izateko asmoak eragin du Jubilatuen Egoitza lekuz aldatzea\". Batzordean Osakidetzak ez duela dirurik inbertituko ezagutzean \"engainatuta\" sentitu direla diote.
Araitz Basauri zinegotziak galdetu du Osakidetzarendako \"ezinbestekoa\" bazen gaia, orain zelan ez dagoen \"lehentasunen\" artean. Alkatea gai honegaz \"itsututa\" egon dela eta ematen zuena baino \"zerbitzu gutxiago\" ipiniko dituztela dio zinegotziak. Beste aukera batzuk ez baloratu izana kritikatu du Basaurik.