Herriko zerga ordenantzak genero bereizkeria areagotzen duen aztertuko dute EHUko ikertzaileek

Anboto 2010ko api. 19a, 10:10

Bestalde, Abadiñoko Udaleko kultura, kirol eta jai sailaren aurrekontuetan genero-ikuspegia kontuan hartzea bultzatzeko helburua duen ikerketa ere burutuko dute.

Zergak biltzeko sistemak emakume taldeei kalte eragiten ote dien aztertuko dute Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle bik. Bestalde, Abadiñoko Udaleko kultura, kirol eta jai sailaren aurrekontuetan genero-ikuspegia kontuan hartzea bultzatzeko helburua duen ikerketa ere burutuko dute, Gobernu Taldeak jakitera eman duenez. Bultzatzaileek azpimarratu dutenez, genero-politikari buruzko gaietan adituak diren Yolanda Jubeto eta Mertxe Larrañaga irakasleek prestatzen diharduten azterketa Udal erakundeetan aitzindaria da, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Aldundia moduko erakundeetan antzekoak eginak dituzten arren. Zerga biltzea arautzen duen ordenantzak, gizon eta emakumezkoen arteko bereizkeria areagotzen ote duen ikertzea da azterketaren helburua. Ekimena bultzatu duen Berdintasun Arloko udal-zinegotziaren berbetan, \"emakumeak eta gizonak ez daude berdintasun-egoeran oraindik, zoritxarrez: alargunak, ezkondu gabeko amak eta emakumeen beste talde batzuk egoera ahulean daude gizartean, eta litekeena da zerga-ordenantzak kalte egitea eurei, zerga-ordenantza prestatu zenean ez baitzen haien egoera aintzat hartu.\"
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!