Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak hartutako erabakiek Atxarte eta Zalloventa harrobietan eragin dezakete. Atxarte leheneratzeko aukera dago, eta Zalloventak zailagoa izango du ustiapena zabaltzea.
Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak hartutako erabakiek Atxarte eta Zalloventa harrobietan eragin dezakete. Atxarte leheneratzeko aukera dago, eta Zalloventak zailagoa izango du ustiapena zabaltzea.
Atxarteko harrobia berreskuratu guran
Atxarteko harrobia berreskuratzearen alde agertu da Jose Luis Navarro Abadiñoko alkatea. Harrobiak leheneratzeko Jaurlaritzaren ekimenak Atxarte jomugan izan dezake. Atxarteko harrobiaren ustiapena soka luzeko gaia da. \"Herritarren protestek eta Urkiolako Parke Naturalean duen kokapenak sortzen dituen arazoengatik\" itxi zutela azaldu du Indutria Sailak. Urkiolaren Aldeko Batzordea herri plataformak 90eko hamarkadan harrobia ixteko ekimena martxan jarri zuen. Hainbat herritar ehun egun baino gehiagoan horman zintzilikatu ziren ustiaketa etenaraziz. \"Harrobiaren lurrak Udalarenak direnez, enpresari alokairu kontratua ez berriztea eskatzen genuen\", gogoratu du Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak.
Sasoi hartan Gobernu Taldean zegoen EAJgaz auzitegietara heldu ziren. \"Udalak ustiaketa leheneratzea proposatzen zuen, harrobiaren ustiapena kontrolatua eta mugatua izatea ahalbidetuz\", azaldu dute Industria Sailetik. Urkiolako Parke Naturaleko Patronatuak ere sasoi hartan harrobiaren ingurua berreskuratzeko plana aurkeztu zuen. Patronatuko kide ere baden Jon Irazabalen berbetan, \"harrobien beharrizana egon badago, baina ingurumenean duten eraginagaz, zer baldintzatan egon behar diren eta zelan kontrolatu erabaki behar da\". Kalterik gutxien egiten duten lekuan egon behar direla gaineratu du Irazabalek. \"Harrobien irabaziak enpresendako dira, baina arazoak publikoak dira\".
Jose Luis Navarro (Talde Independientea) Abadiñoko alkateak azaldu duenez, \"beti defendatu dugu harrobia berreskuratzea. Ustiapenagaz ez gaude ados\". Parke Naturalean bertan egonda harrobi horren jardunak ez duela \"zentzurik\" gaineratu du alkateak. Ingurua berreskuratzeari beharrezko deritzo, baina Udalak inbertsio hori egiteko baliabiderik ez daukala azaldu du. Jaurlaritzak edo beste instituzioren batek ekimen hori aurrera eramatea erabakitzen badu Udalaren \"laguntza guztia\" izango duela dio Navarrok. Ingurua \"arriskutsu\" dagoela gogorarazi du. \"Leku hori ezin da horrela utzi\", azpimarratu du alkateak.
Zalloventa, geroago eta zirrikitu estuagoan
Legeek sarri eman ohi dute izkin egiteko aukeraren bat; zenbaitetan, tranpa bere baitan daukate. Zalloventaren auzian, antzeko zeozer gertatzen dela esan daiteke.
Zalloventari ustiapenerako epea amaitu, eta 2002tik aurrera lan eremua hedatzea eskatu zion Jaurlaritzari, bi bider. Hedatuz gero, Urkiolako Parke Naturalaren mugen barrura helduko litzateke. Alegazioak aurkeztu zituzten mañariarrek eta hainbat eragilek, eta bietan eman zien arrazoia EAEko Auzitegi Nagusiak. Bigarren auzian enpresak ipinitako helegitea, baina, Espainiako Auzitegi Gorenean dago oraindik.
Kontua da heldulekuak aurkitu izan dituela enpresak legearen baitan. 90eko hamarkadan, Jaurlaritzak EAEn harrobi izateko gune posibleak zehaztu zituen, eta asko naturgune babestuetan zeuden, tartean Urkiola. Honantza etorrita, Aldundiak zehazten duen Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Planak dionez, mugen baitan 1.500.000 tona ustiatzeko aukera dauka Zalloventak, gero harrobi osoa leheneratzea bermatuz. Hori baliatuta, 2009ko urtarrilean beste baimen eskari bat egin zuen enpresak. Aralarrek bultzatu eta Legebiltzarrak onartuta, Urkiolako Parke Naturalaren Natur Baliabideen Antolamendurako Plana aldatzeko prozedura hasi du Jaurlaritzak. Plan horrek Aldundiarenak baino \"indar handiagoa du berez\", eta \"plan berria osatu bitartean ustiapena gelditu beharko litzateke\", dio Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak. Behin plana eginda, Zalloventak ezinezkoa izango omen luke lanekin aurrera jarraitzea.
Bestalde, Jaurlaritzak Natura Babesteko Legea aldatu berri du, eta horren arabera, ezingo da babestutako naturguneen mugen eta eragin-eremuen baitan ezelako ustiapenik egin, ez haizetara ez lur azpian. Ustiapenen zabalpena ere debekatu du, eta indarrean dauden jarduerek leheneratzeko proiektuak izan behar dituztela zehaztu du. Zalloventaren kasuan, Legeak zera dio, azterketa teknikoen ostean egiaztatuta dagoela harrobi osoa leheneratu daitekela, ustiatzen jarraitzeko premiarik barik.