Gerbas ardatz hartuta ipuin lehiaketa antolatu dute

Anboto 2010ko mar. 29a, 10:57

Euskararen erabilera ikasleen artean sustatu guran Abadiñoko Udalak euskaraz idatzitako ipuinen lehiaketa antolatu du. Haurrek Abadiñoko Gerbas maskotagaz zerikusia duten istorioak idatzi beharko dituzte.

Euskararen erabilera ikasleen artean sustatu guran Abadiñoko Udalak euskaraz idatzitako ipuinen lehiaketa antolatu du. Haurrek Abadiñoko Gerbas maskotagaz zerikusia duten istorioak idatzi beharko dituzte. Lehiaketa Abadiñoko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Ipuin guztien izenburua \"Zein da Gerbas\" izango da. Udaleko Hezkuntza eta Euskara Arloak antolatutako lehiaketa honen bidez, \"idazteko eta irudimena lantzeko zaletasuna sustatu\" gura dute haurren artean. Gaineratu dutenez, \"Abadiñoko haurrengandik oso hurbil dagoen gai bat aukeratu dugu, oso gai atsegina gainera, jaiei eta jostetari lotuta baitago\". Udalak eskolako materiala erosteko bonoak emango dizkie irabazleei. Bonoen zenbatekoa guztira 450 euro da. Lehiaketak hiru kategoria ditu, haurren ikasturtearen arabera banatuta eta kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira, 60, 50 eta 40 eurokoak. Sarien truke, hezkuntzako materiala eskuratu ahal izango dute. Ipuinak maiatzaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dira Txanportako edo Errotako kultura-etxeetan, edo posta elektronikoz bidali helbide honetara: euskera@abadiano.org. Parte-hartzaileek kontakizun bakoitzaren hiru kopia aurkeztu beharko dituzte, sinadurarik barik, baina lema batekin identifikatuta, eta egilearen datuak gutun-azal itxi batean jaso beharko dituzte. Ipuinak posta elektronikoaren bidez bidaliz gero, egileari buruzko datuak erantsitako agiri batean jaso beharko dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!