Bidegorria eraikiko dute Esterripatik Garaira bitartean

Anboto 2010ko ots. 5a, 09:30

Bidegorriak bi metroko zabalera izango du eta urak batzeko areka izatea aurreikusi dute. Errepidearen mailan egongo den arren, bereizgarri moduan irtengune batzuk jarriko dituzte trafikotik banatzeko segurtasun neurri legez. Proiektuaren bultzatzaileek jakitera eman dutenez, lanak hiru fasetan banatuko dituzte.

Gerediagako auzokideak A8 autobidearen hirugarren errailaren eraikuntza dela-eta Bizkaiko Foru Aldundiko Obra Zuzendaritzagaz batzartu dira. Autobidea zabaltzeko lanei duela hilabete ekin zieten, San Blas hostalaren parean eraikiko duten biribilgunearen proiektuko lan batzuekin batera. Lurren beteketa dela-eta auzotik Garaira egunean 500 kamioitik gora pasatuko direla berretsi dieten arren, aurretik Esterripatik Garaira bidegorria eraikiko dutela azaldu diete. Oinezkoendako bidegorria eraikitzeko lanak datorren astean hasiko direla azaldu du Aldundiak auzokideen bileran.

Ezaugarriak

Bidegorriak bi metroko zabalera izango du eta urak batzeko areka izatea aurreikusi dute. Errepidearen mailan egongo den arren, bereizgarri moduan irtengune batzuk jarriko dituzte trafikotik banatzeko segurtasun neurri legez. Proiektuaren bultzatzaileek jakitera eman dutenez, lanak hiru fasetan banatuko dituzte. Lurren beteketatik Momoitioko bidegurutzeraino zazpi astetan arituko dira. Bigarren fasean handik Gerediagaraino helduko dira. Lanak hirugarren fasean amaitzea aurreikusi dute. Esterripan erreka gainetik zubia eraikiko dute. Zubia eraikitzea ei da obra honen konplexutasun handiena eta bidegorria egiten baino denbora gehiago beharko dutela jakinarazi dute. Bidegorriaren tarte batzuetan orain dagoen espaloia handitzeko aprobetxatuko dute. Baselizaren parean espaloia metro bat zabalduko dute. Zubia egiteko denbora gehiago beharko badute ere, martxoaren amaierarako bidegorriaren zatirik handiena gertu izatea itxaroten du Aldundiak. Bidegorriaren zatirik handiena egindakoan hasiko dira auzotik kamioiak pasatzen. Aldundiko teknikarien berbetan espaloiaren eraikuntzarekin batera oraingo bidea indartzeko lanak martxan jartzeko aprobetxatuko dute. Behin-behinean lurzoruak bertatik pasatuko diren kamioien eragina jasan ahal izatea da lanon helburua.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!