San Blas eguneko azokaren aurkezpena

Anboto 2010ko urt. 29a, 13:44

Datorren astean, otsailaren 3an, Abadiñora jendetza ekarriko duen San Blas eguneko Nekazaritza, Abeltzantza eta eskulangintza azokaren aurkezpena egin dute Abadiñoko Udaletxean. Berritasunen artean, gurean ezezagun diren ganadu arrazak bilduko dituen gunea nabarmendu dute.

Datorren astean, otsailaren 3an, Abadiñora jendetza ekarriko duen San Blas eguneko Nekazaritza, Abeltzantza eta eskulangintza azokaren aurkezpena egin dute Abadiñoko Udaletxean. Berritasunen artean, gurean ezezagun diren ganadu arrazak bilduko dituen gunea nabarmendu dute. Jose Luis Navarro alkatea, eta aldamenetan Azokaren babesle den BBK-ren ordezkariak izan dira aurkezpen ekitaldian. Datorren eguazteneko azokan eta azken urteetako parte-hartzaile kopuruak mantenduta nekazaritza, eskulangintza eta landareak salgai izango dituzten 127 erakusmahai izango direla aurreratu dute. Iazko kokagune berean, guztira 150 abelburu egongo dira; erdiak inguruko baserrietatik ekarriak, eta gurean ezohikoagoak direnak beste erdiak. Navarro alkateak nabarmendu duenez, \"sekula baino ikusgarriagoa izango da abereen erakusketa\", ezezagunago zaizkigun arrazen erakusketari dagokionez. Jai giroari eta azokari lotuta bestalde, munduko errekorra ontzen saiatuko direla San Blasetan Izeta II. eta IV.ena harrijasotzaileak: 125 kiloko harria 125 aldiz altxatzea izango dute erronka. San Blasetako urteroko idi-probei dagokienez, iazko jaialdiarekin alderatuta bikote kopurua erdira murriztu da aurten: \"mingain urdina gaixotasunak\" behartu dituela bikote gutxiago ekartzera azaldu du alkateak. Txosnak gune berrian Iazko jaietako behin-behineko kokagunetik aldendu, eta txosnak Ferialeku plazan ipiniko dituztela aurreratu dute agerraldian. Iaz landareen salgunea zegoen lekua artuko dute txosnek, eta lekualdatu egingo dute landare haztegien gunea. Bukatzeko, Zelaieta auzora kotxez gerturatzea hautatzen dutenentzat azpimarratu du Navarro alkateak, Matienatik Zelaietarako errepidea norabide bakarreko ezarriko dutela: errailetako bat kotxeen aparkaleku moduan erabiliko da. Muntsaratz eta Zelaieta auzoak batzen dituen zubi berria oinezkoentzako zabalik egoteak gainera, kotxeak Muntsaratzen aparkatu eta Zelaietara oinez joatea erraztuko duela nabarmendu du Jose Luis Navarro alkateak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!