'Auzorik auzo' herriko bazterrak ezagutuz

Anboto 2010ko urt. 30a, 14:00

Biharko ibilaldia Gerediaga auzoan hasiko da. Izena eman eta familia argazkia atera ostean irtengo dira parte-hartzaileak.

Abadiñoko auzoak zeharkatuko dituen ibilaldia antolatu du Hamabi Harri auzo elkarteak domekarako. Gerediagako baselizan goizeko 08:30ean jarri dute sinatze-ekitaldirako ordua. Irteera 09:00etan izango da, familia argazkia atera ondoren. Parte-hartzaileek ia ibilbide osoan asfaltozko bidea izango duten arren, Gerediagan eta Irazolan baso bide bi zeharkatuko dituzte eta baita Mendiolako galtzada ere. Irazolan 11:30etik aurrera salda banatuko dute indarrak berritu eta ibilbideari berriro ere ekiteko. Antolatzaileek Zelaietako Txanporta kultur etxearen aurrean jarri dute helmuga. Goiza bidean eman dutenentzako luntxa eta erromeria izango dira bertan.

Tradizioa

Auzorik auzo ibilbidea tradizio bilakatzen ari da San Blasetako jai egitarauan, aurten bosgarrenez egingo dute eta. Antolatzaileek aurreko urteetan moduan ekitaldiak harrera ona izatea itxaroten dute. Ibilaldi amaieran hainbat sari zozketatuko dituzte izena emandakoen artean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!