Urtarrileko Udaleko osoko bilkuran galdera eta eskariei eskainitako tartean salaketa egin zuen Araitz Basauri ezker abertzaleko zinegotziak.
Urtarrileko Udaleko osoko bilkuran galdera eta eskariei eskainitako tartean salatu zuen Araitz Basauri ezker abertzaleko zinegotziak, \"azken bi urteetan behin eta berriz salatu dugun arren,\" euskarari dagokionean \"Udalak berak 2000. urtean sortutako arauak bete barik\" jarraitzen duela Udal Gobernuak. Euskararen Ordenantza \"armairutik atera eta berehala aplikatzea exijitu\" zuen ezker abertzaleak.
Ordenantza Udalak berak ere \"sistematikoki\" hausten duela erakusten duten adibideak ipini zituen Basauri bozeramaleak: besteak beste, \"Udaleko erantzungailu automatikoak gazteleraz bakarrik erantzuten duela, eskaera orri batzuk gazteleraz bakarrik eskuratu daitezkeela, eta Matiena auzoan oraintsu berriztatu duten errepideko errotulazioa gaztelera hutsean dagoela\", besteak beste.
Orain hamar urte Udalean zeuden EAJ eta Talde Independienteak onartutako euskararen araudian, Udaleko informazio guztia gutxienez euskaraz eta gazteleraz, eta erdaldunentzako ulergarri izan zitekeen kasuetan euskara lehenestea jasotzen zuela aipatu zuen Araitz Basauri zinegotziak. Gobernuko Talde Independienteko zein EAJko zinegotziek ez zuten ezker abertzaleak mahai-gaineratutako gaiari buruz iritzirik eman plenoan.