Zirkulazioa aldatuko da A8aren hirugarren erreiaren lanen ondorioz

Anboto 2010ko urt. 25a, 09:00

Behin-behineko saihesbidea jarri da A8 autobidean, lanak aurrera eraman ahal izateko. N-634 errepidean ere, Matienan, biribilgunea egiten hasteko saihesbidea martxan ipiniko da.

Behin-behineko saihesbidea jarri da A8 autobidean, lanak aurrera eraman ahal izateko. N-634 errepidean ere, Matienan, biribilgunea egiten hasteko saihesbidea martxan ipiniko da. Gaur eta bihar, hilak 25 eta 26, burutuko dira bi saihesbideak egokitzeko lanak. Bi kasuetan, goizeko 08:00etatik 18:00etara garatuko dira obrak. Aldunditik bidalitako prentsa oharrean azaltzen denez, N-634 errepideko saihesbideak \"arinki\" eragingo dio zirkulazioari. San Blas Hotelaren parean izango dira lanak, eta hiru hilabetez iraungo dute. A8aren kasuan, Bilborako norabideko karrila estutu egingo da apur bat; ez dute lanon denbora zehaztu.

Lanak hasita

Etorkizunean A8aren eta Kanpazarreko korridorearen lotunea izango denaren Gerediaga eta Lebario auzoetakoak dira abiatu berri dituzten lanak; hirugarren erreiaren lan hauez gainera baina, bestelako lanak ere izango dira datozen hilabeteetan. Bilbo-Behobia autobide guztian zehar autobidearen trafikoa hartzeko ahalmena gehitzeko helburuarekin egin duten legez, autobidearen noranzko bakoitzean hirugarren errei bana zabaltzeko lanak hasi dituzte Iurreta eta Gerediaga tartean ere. Iurretako ordainlekuaren parean hasi eta Gerediagan eraikiko duten ordainlekuraino egokituko dituzte hiruna erreiak. Tarte horretatik Donostiako norantzan, orain arteko moduan, bi errei izango dira, Interbiak sozietateak adierazi duenez. Urte hasiera honetan abiatu dituzten lanen artean lehenengo burutuko dituztenak hirugarren erreiarenak eta Gerediaga auzoko ordainlekuarenak izango dira. Hirugarren erreia egokitzeko lanen ondoren, kokapena Gerediaga auzoan izango duen ordainlekua eta honen aldamenean egingo duten disuasio-aparkalekua atontzen hasiko dira. Ondoren, A8 autobidea eta etorkizuneko Kanpazarreko korridorearen lotunea osatuko duten biribilgunea eraikiko dute, batetik, Garaiko sarreran; eta Matiena auzoa eta N-634 errepidea lotuko dituen biribilgune berria eraikitzen hasi dira asteon San Blas hotelaren parean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!