Navarro: "Arduragabekeriagaz eta etekin elektorala atera guran dihardue jeltzaleek"

Anboto 2010ko urt. 15a, 15:26

Bi egun lehenengo EAJk egindako agerraldiari erantzuna eman dio Abadiñoko alkateak.

Bi egun lehenengo EAJk egindako agerraldiari \"arduragabekeria\" erizten diola, eta herrian sortutako arazo batetik \"etekin politikoa ateratzeko asmo argiarekin\" diharduela adierazi du Talde Independienteko Jose Luis Navarro alkateak. Gabonetako jai egunen ostean, Osakidetzak azaroan iragarritako mediku aldaketak bertan behera jarraitzen duela azpimarratu du Jose Luis Navarrok: Osakidetzak Udalari proposamen zehatz bat helarazten ez dion eta batzar baterako deialdia egiten dion bitartean egoerak orain arte moduan jarraituko du bere berbetan: \"datarik zehaztu ez bada, Osakidetzak aldaketak burutzeko presa gehiegirik ez duelako izango da\". Zentro bakarra Zelaietako osasun zentroan sortu den arazo zehatzari orain eman leikion irtenbidea behin behinekoa izango dela ezinbestean, baina Gobernuak \"etorkizunera begira herrian osasun zentro bakar, duin eta zabal bat eraikitzeko helburuz Osasun sailburuarekin batzartzeko hitzordua\" egingo duela aurreratu du alkateak. Datozen lau urteetan herrian eraikitzea aurreikusten dituzten etxebizitzak beteko dituzten biztanle berriekin, herria 10.000 biztanle izatera iristea espero dutela nabarmendu du, eta osasun eta hezkuntza arloan zerbitzua egokitzeko irtenbideak bilatuko dituztela.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!