Zelaieta auzoan \"osasun zerbitzua orain arte bezala mantentzea, eta Matiena auzoko zentroan sendagile bat gehiago jartzea\" eskatu dute gaur EAJ alderdiak, eta Muntsaratz TSTZ auzo elkarteak Zelaietako Batzokian egin duten prentsaurrekoan.
Zelaieta auzoan \"osasun zerbitzua orain arte bezala mantentzea, eta Matiena auzoko zentroan sendagile bat gehiago jartzea\" eskatu dute gaur EAJ alderdiak, eta Muntsaratz TSTZ auzo elkarteak Zelaietako Batzokian egin duten prentsaurrekoan.
Eskari horrexekin bat egiten duten Zelaietako, Gazteluako eta Muntsaratzeko ia mila auzotarren sinadurak bildu dituztela, eta sinadura horiek \"Osakidetzak iragarritako mediku aldaketak bertan behera utzi ditzan lortzeko\" presioa egiteko baliatuko dituztela aurreratu dute.
Axier Garate bozeramalea eta Eneko Etxebarria izan dira agerraldian jeltzaleen ordezkaritzan, eta Bittor Etxaguren Muntsaratz TSTZ auzo elkartearen bozeramale legez. Muntsaratzeko auzo elkartearen Etxaguren ordezkariak azpimarratu du hain zuzen, \"Zelaietan mediku zerbitzuari dagokionean sortu den arazoari epe luzerako soluzioa emateko beharra\". Bere berbetan, datozen urteetan euren auzoan 700 biztanle gehiago hartzea aurreikusten da, eta epe luzerako eta etorkizunera begirako irtenbidea behar da etorkizunean gaur egun dauden arazoak larritzea nahi ez bada.
Ordura arte Zelaietako anbulatorioan jasotzen zuten osasun zerbitzua jasotzeko Matienako zentrora bideratzen zituen agindua bertan behera utzi, eta urte hasieran Osakidetzarekin batzartu eta irtenbidea bilatzeko konpromisoa hartu zuela Jose Luis Navarro alkateak gogorarazi dute prentsaurrekoan. Oraindik orain arazoak soluziorako biderik barik jarraitzen duela nabarmendu dute, eta oinarrizko zerbitzu publikoan murrizketa eta atzera pausorik onartzeko ez daudela auzotarrak prest azpimarratu du Muntsaratz TSTZ elkarteko ordezkariak.