Urtarrilera arte geldiarazi ditu Osakidetzak aldaketak

Anboto 2009ko abe. 10a, 15:29

Zelaieta eta Matienako erabiltzaileei iragarritako mediku aldaketak urtarrilera arte bertan behera utziko dituela jakinarazi du Osakidetzak. Irtenbide posible bat medikua arratsaldez ere Zelaietako zentroan egotea izan daitekeela onartu du alkateak.

Mediku zerbitzua aurrerantzean Matienako Osasun Zentroan jasoko dutela jakinaraziz hainbat herritarrek Osakidetzatik jaso zuten gutunak zehaztutako aldaketak urtarrilera arte ez direla gauzatuko jakinarazi dio Osakidetzak, asteon alkateak azaldu duenez. Gehienezko mediku bakoitzeko 1.500 gaixoren muga gaindituta, herriko bi zentroetan birmoldaketa egiteko aurreikuspena izan du osasun zerbitzuak: auzoetako zenbait herritar Matienako zentrora bideratzeko eta zerbitzua Matienan jasotzen zutenetariko batzuei medikua aldatzeko asmoa zeukan Osakidetzak. Aldaketagatiko herritarren protestak eta alkatearen kezka ezagututa, aurreikusitako aldaketa, urtarrilera arte behintzat, bertan behera uztea erabaki dute. Auzoetako herritarrek orain aste biko udalbatzarrean helarazi eutsen egonezina ezagutu eta hurrengo egunean Osakidetzarekin hartu-emanetan ipini eta egoera azaldu ziela azaldu deusku Talde Independienteko alkateak. Gaia berrikusi eta beste proposamen bat daukatenean Udalarekin batzarra egiteko asmoa agertu ei du Osakidetzak. Helburua, alkatearen berbatan, arazoari konponbidea emateko formularik egokiena bilatzea izango da, \"herritarrek jasotzen duten osasun zerbitzua kaltetu barik\", Navarro alkatearen berbatan. Irtenbide posible bat medikua arratsaldez ere Zelaietako zentroan egotea izan daitekeela onartu du alkateak, edo lanordu erdia Zelaietan eta beste erdia Matienan egingo duen mediku barri bat ipintzea ere aukera bat litzatekeela azpimarratu digu. Jeltzaleek, bestalde, ohar bidez salatu dute zerbitzuaren hedapena Osakidetzarekin negoziatu zutenean, \"matienarrei zerbitzua eskaintzeko gogo bizian beste auzoak albo batera utzi\" zituela Talde Independienteak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!