Abiadura Handiko Trena eraikitzeko Durangon egiten dabiltzan lanek eragiten duten zaratari buruz Mendiolako auzotarrek Abadiñoko Udalean egindako salaketa eta Udalera helarazitako idatzia dago eguazten honetan Durango eta Abadiñoko alkateek egin duten batzarraren jatorrian: trena eraikitzeko lanetan, gauez eta gehiegizko zarata eraginez dihardutela salatzen dute auzotarrek.
Eguazteneko batzarrean, Mendiolako auzotarren salaketa helarazi deutsala Aitziber Irigoras Durangoko alkateari azaldu digu Talde Independienteko alkateak. “Egoera berezia da Durangon tunela egiteko obretan sortu den eta Abadiñon pairatzen den zarataren auzia”, nabarmendu du Navarro Abadiñoko alkateak.
Gauez lanean ote dabiltzan eta abadiñarrek jasaten duten zarataren jatorria Durangoko lanetakoa den aztertzeko konpromisoa hartuko duela agindu ei du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, Navarrok azaldu duenez.
Beharrezko azterketak egin eta udal bien arteko bigarren batzar baterako deialdia egingo duela jakinarazi deusku Abadiñoko alkateak, “hartu beharreko neurriak zehazteko”, bere berbetan jaso dugunez.