Alokairu sozialerako 26 etxebizitza Muntsaratzen

Anboto 2009ko aza. 4a, 16:09

Joan zen hilean zotz egin zituzten babeseko etxebizitzen ondoko lursail horretan, Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialera bideratuko dituen 26 etxebizitza eraikitzea da lursaila lagatzearen arrazoia.

Gobernu Taldeko independienteen eta jeltzaleen aldeko botoarekin –ezker abertzaleko zinegotziak abstenitu egin ziren– onartu zuten, joan zen asteko udalbatzarrean, Muntsaratz auzoan Udalak daukan lursaila Eusko Jaurlaritzari lagatzea.

Joan zen hilean zotz egin zituzten babeseko etxebizitzen ondoko lursail horretan, Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialera bideratuko dituen 26 etxebizitza eraikitzea da lursaila lagatzearen arrazoia, Gobernu Taldeak udalbatzarrean azaldu zuenez, eta Gasteizko Gobernuaren ardura izango da eraikuntza lana.

Alokairu sozialera bideratuko dituzten etxebizitzak eraikitzeko lanak noiz hasiko dituzten oraindik ez dagoela zehaztuta ere jakinarazi du Navarro alkateak.

Lursaila lagatzeko proposamenaren aurrean abstenitu egin zen ezker abertzalea: “Herriarentzako aproposena denik ez dogulako uste, historikoki proiektu horren kontra egon gara”, Basauri zinegotziak azaldu zuenez. Kontra agertu arren proiektua aurrera doala ikusita, auzoan hartuko diren biztanleen beharrizanei erantzungo dioten zerbitzu egokiak bermatuta egongo ote diren galdetu zuen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!