Traña-Matiena eta Zelaieta auzoetan, 1984an martxan jarri ziren jubilatuen elkarteen 25. Urteurrenak ospatzeko Traña-Matienako San Prudentzio eta Zelaietako San Trokaz elkarteek antolatu dituzten ekitaldien berri eman dute Errota kultur etxeko aurkezpenean. Elkarte bakoitzeko bina ordezkari, eta Udal Gobernuaren izenean alkatea eta kultura zinegotzia izan dira ekitaldiei buruzko azalpenak eman dituztenak.
Zelaieta eta Traña-Matiena auzoetako elkarte biek mende laurdena bete duten urte honen amaierarako, urriaren 21etik 24ra arteko egitaraua antolatu du San Prudentzio elkarteak Matienako Nagusien etxean. Besteak beste, Herri Maite soinu taldearen emanaldia antolatu dute urriaren 23rako, Errota kultur etxean. Zelaietan, berriz, azaroan izango dira jubilatuen elkartearen urteurrena ospatzeko ekitaldiak, eta tartean, Abadiñoko Done Zezili abesbatzaren emanaldia eta Andeka Gorrotxategi abadiñarraren kantaldia izango dira.
Omenaldiak
Mende laurdenaren ospakizunen artean, elkarteen zein Udalaren partetik omenaldia jasoko dute elkarteetako kide nagusienek zein elkarteko hasierako sasoiko batzordeetako kideek. Zelaietako eta Traña-Matienako elkarteetako kideak, 245 eta 538 herritar biltzen dituztenak hurrenez hurren, ospakizunerako elkartzeko egitaraua osatu dute urri eta azaro amaierarako Abadiñon.