Uztailean kaleratze-gutuna jaso aurretiko baldintza beretan lanpostua berreskuratu du Jon Aitor Ibarzolak. Rothenberger enpresak Abadiñon daukan lantokiaren aurrean kanpaldia egin du, hamabost egunean, Ibarzolak.
Kaleratzeen kontra —uztailaren 22an bost behargin kaleratu zituen enpresak— gose greba ere hasi zuen, joan zen zapatuan, LABeko ordezkaria denak, enpresa batzordeko beste kide batekin. Bai kanpaldia bai gose greba bertan behera itzi zituen martitzenean, enpresako zuzendaritzagaz negoziatuta akordioa lotu ondoren.
Hamabi urte —hamar aldi baterako enpresa bitartez— lantegian egin ondoren kaleratu zuten, “inolako justifikaziorik gabe”. Asteotan lankideek ere lanuzteak egin dituzte kaleratzeok salatzeko. Enpresa sei hileko erregulazio espedientea egiterakoan inor ez kaleratzeko prest zegoen, baina, hurrengo urtebetean ere inor ez kaleratzea eskatu dute, besteak beste.