Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Mikel Valverde, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikari eta poeten proiektuari buruz Agian dokumentala zuzendu zuen zornotzarraren, Arkaitz Basterraren, azken lana da Quebeckeko Montrealeko Festival des Films du Monde jaialdian asteon aurkeztu dutena. Zinema dokumentalaren jaialdiko ‘Munduko dokumentalak’ sailean eman dute, hain zuzen, sortzaile zornotzarraren Life and Film dokumentala. Txekian jaiotako Vojtech Jasny zinemagile txekiarraren bizitzari buruzko filmea da.
2006 eta 2007 artean grabatu zuen lana da dokumentala emaitza duena. Azken urteetan New Yorken bizi den 83 urteko zinema zuzendari txekiarraren, Basterrak irakasle eta lagun duenaren, bizitza eta lanaren inguruan osatutako lana da Life and Film. Besteak beste, Deseo, Noches de Septiembre, Opiniones de un payaso, La gata Cassandra, Todos mis buenos compatriotas edo Regreso al paraíso perdido filmen egilea da Basterrararen dokumentalaren zutabe nagusia. Tragedia eta komedia, biak erakusten uzten dituen filma da Life and Film, eta bizirauteko, maitasuna zutabe duen gizon bati buruzkoa da.
Autore txekiarraren zinema eta Vojtech Jasny zuzendariaren beraren bizitzako pasarteak uztartzen dituen lana da Arkaitz Basterra zornotzarrak Montrealeko lehiaketara aurkeztu duena. Bere irakasle izandako zuzendariaren filmatatik ateratako irudiak ez ezik, zuzendari gaztearen eta esperientziadunaren arteko elkarrizketaren irudiak biltzen ditu.
Zuzendariaren bizitzako lagunak dira film luze honetan bildu dituztenak; protagonistaren bizitzari eta lanari buruz jarduten dute. Arabako Sonora Estudios ekoiztetxeak sortutako lana da Life and Film, Arturo Blasco eta Bingen Mendizabalen soinu banda duena. Zuzendari eta gidoilari lana ez ezik, kameralari lana ere burutu du Arkaitz Basterrak luzemetraia honetarako.