Independienteek eta EAJk adostu eta onartu dituzte aurrekontuak

Anboto 2009ko api. 30a, 14:09

Hilabete bi aritu dira alderdi biak 2009ko aurrekontuak adostu eta negoziatzeko batzarretan biltzen. Gaur eguerdian aurkeztu eta onartu dituzte udaltzarrean. Ezker abertzaleak proposamenaren kontra bozkatu du.

Iazko maiatzeko udalbatzar batean bota zituen oposizioak atzera Talde Independienteak urte hartarako proposatutako aurrekontuak. “Gobernu Taldea 13 zinegotzitik 8 bazterrean utzita dabil, abadiñar botoemoileei bizkarra emanda”, arrazoitu zuen ezker abertzaleak iazko aurrekontuen kontrako botua. Gaur izandako batzarrean ere jarrera bera izan du ezker abertzaleak. 2009 urterako aurrekontuen aldeko botua eman dute aldiz jeltzaleek.



Legegintzaldiaren bi urteetan, “Talde Independientea ez da gai izan aurrekontu proiektu bat adostu eta onartzeko”, nabarmendu du ezker abertzaleko Basauri zinegotziak, eta Independienteak, “gobernatzen barik agintzen” dabiltzala dio. Udalaren bestelako funtzionamendu baten aldekoak direla eurak, eta “2009ko udal aurrekontuen proiektu hau onartzea, bazterketa eta autoritarismoa babestea litzatekeelako, eta beste udal eredu baten aldea gaudelako”, bozkatzen dutela kontra diote ezker abertzalekoek.

Hilerria eta eskolak erabarritzeko, besteak beste
Talde Independienteak eta EAJ-k bi hilabeteotan egindako batzarretan negoziatu eta adostutako aurrekontu proposamenean, eta alderdi bi horien botuearekin aurrera egin zuen proposamenak jasotzen dituen inbertsio nagusienetako batzuk dira hauek; hilerrian lanak egiteko 500.000 euro bideratzea, Matienako eskolan berrikuntzak egiteko beste 500.000 euro eta Zelaieta eskolarako 200.000, eta San Andres kalean lanak egitera 425.000 bideratzea dira.

“Udal kudeaketan duen erantzunkizuna aintzat hartzen dugulako, aurtengo aurrekontuak negoziatu egin ditugu Gobernu Taldeagaz”, azpimarratu du Axier Garate jeltzaleen bozeroaleak. “Udalaren funtzionamendua oztopatu barik”, elkarlanerako apostua egin duela talde jeltzaleak nabarmendu gura izan dute. Negoziazio horretan, “esperientzia” ipini duela EAJk azpimarratu da Garatek, eta “egungoa lako krisi egoera batean aberastasuna sortuko duten egitasmoak burutzea beharrezkoa” dela. Krisi egoeran, “interes politikoen gainetik, gizartearen ongizatea izan behar da oinarria”, azpimarratu du EAJk.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!