Bihar, arratsaldeko 19:00etan lehenengoa eta ordu bete geroago bigarrena, Etxebizitza Tasatuen Ordenantza lantzeko deitutako batzarrean izango da Idoia Mendiolagarai alkatea, Udaletxeko batzar aretoan.
Eskola inguruan eraikitzen dabiltzan etxebizitzen –lehenengo sektoreko etxebizitzen– dozena bat jaberekin batuko da lehenengo, orain hiru asteko udalbatzarrean alderdi guztiek aho batez onartu zuten ordenantzari buruzko azalpenak emateko. Apirilaren 8ko udalbatzarrean, Udalak aho batez onartu zuen prezio tasatuko etxebizitzak eta udal etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantzaren berri eman eta zalantzak argitzeko deitu dute orain batzarra. Zuzenean gaiarekin lotuta dauden jabeenean zein herritar guztiei zabaldutako batzarrean ere Javier Aldamiz-Etxebarria Udaleko aholkulari juridikoak ere hartuko du parte.