
Orain aste bi udalbatzarrean adierazi zuten kezka bera da zabaldutako idatzi horretan agertzen dutena: datorren ikasturtea Zelaietako eskolan hasteko asmoarekin “aurrematrikula egin duten 27 umeetatik 23 baino ez ditu onartuko Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak”, euren berbetan. Eta arazoaren muinean Gobernu Taldearen aurreikuspen falta dagoela diote.
“Gobernuaren noraeza”
Zelaieta auzoko eskola publikoko matrikulazioan gertatu den gainkarga horren arrazoia “Abadiñoko Gobernu Taldeak hezkuntza arloan erakusten duen proiektu falta eta noraeza” dela diote lau zinegotziek. Horrelako arazo baten aurrean, euren ustez, “ez da nahikoa Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzara gutun bat bidaltzea”.
Izatez, Udalaren konpetentzia ez diren beste gai batzuetan egin duen moduan, Udalak “lidergoa hartu” behar lukeela pentsatzen dute –Bizkaiko Aldundiaren jabetzakoa den errepidearen kasua ipini dute horren adibide–, “oso larria den egoeraren konponbiderako demanda eginez”, eta Hezkuntza Sailari konponbidea exijituz. “Horretan”, diote, “sinatzaileok, gurasoak eta eskola bera aldamenean izango lituzke Gobernu Taldeak”.
Hezkuntza Sailari dagokionean Gobernu Taldearen “prebisio falta” deitu dutenarekin lotu dituzte Udaleko beste zenbait gai ere; Matienako eskolan, “lehen futbol-zelaia zena autoentzako aparlaleku bilakatu izana edo Matienako eskola zaharraren eraikinari hezkuntzatik aparteko erabilera ematearen behin-behineko erabakiak aipatu dituzte, besteak beste.
Zerbitzu gabezia
Diotenez, Udalean orain urtebete baino lehenago jaso zuten zentroaren zuzendaritzatik Zelaietako eskolaren ratioari dagokion kezkaren berri, eta orain “prebisio barik eta proiektu barik” dabil Gobernu Taldea. Orain urte eta erdi jaiotako umeak orain matrikulazio ratioetan sartzen ez direnak direla diote.
Hiru zinegotzi hauen berbetan, ezin izan daitekeena da “martxan dauden etxebizita egitasmo handien aurrean –UR8 eremuan eraikitzekoak, esaterako– ez planteatzea zelan erantzun hezkuntza arloan izango den eskaera barriari, edo osasun arloan etorriko denari”.