
Gotzon Gomez - Errugbi entrenatzailea
Aurreko artikuluaren haritik jarraituz, errugbi eskolak aipatzen nituen gure taldeek jarraitu beharreko bide moduan. Baina zer dira errugbi eskolak?
Argi dago gurea lako gitxiengo kirol batean harrobia lantzea ezinbesteko dogula, eta horretan, hain zuzen be, oinarritzen dira errugbi eskolak: harrobiaren lanketan. Kirolari gazteenak, hezi eta animatuz kirol honetan lehen urratsak emon daiezen. Horretarako, bi ildo edo bide nagusi lantzen dira.
Alde batetik, eskola, ikastetxe edo ikastoletara hurbiltzen dira klub bakotxeko ordezkariak; bertan, kirol heziketako arduradunagaz hartu-emonetan ipini, materiala eskaini eta gazteekin hainbat sesio egiten dira, errugbiaren oinarrizko arauak azalduz. Bestetik, klub bakotxak dituen instalazinoetan antolatzen dira sesio eta entrenamenduak, normalean, astean behin edo bitan. Beti be, ikuspuntu ludikoa galdu barik. Ekintza honeek hamabostero edo hilero herri askotan antolatzen diren topaketetan izaten dabe islada, non herrialde askotako eskolak elkartzen eta goiz osoan euren arteko norgehiagokak antolatzen diren. Ideia bat izan daizuen, topaketa honeetan 200 bat gazte elkartzen dira (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Kantabriakoak).
Aukera badaukazue, martxoaren 14an Elorriora eta martxoaren 28an Durangora hurbildu zaiteze, ikuskizunak merezi dau-eta!