
Euren zaintzaileekin tailerretan edo masajeak hartzen zeudela, instituzioetako ordezkarien eta lagunen bisita jaso dute, 25. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldian. Mende laurden honetan, egoitza eraikitzen hasi zireneko argazkiak biltzen dituen erakusketa inauguratu dute, eta, egoitzan zehar bisita gidatua izan da gero. Harrera hitzaldian, Gorabideko presidente Victor Iturburuk, Abadiñoko alkate Jose Luis Navarrok eta Aldundiko Gizarte Ekintzako sailburu Juan Maria Aburtok hartu dute berba, eta orain 25 urte hain berritzaile eta aldi berean beharrezkoa zen egoitza hau zabaltzeko adimen urritasuna duten familiek egindako lana goraipatu dute, bolondresek urte guztiotan egindako lana eskertuz.
Gogoratu dutenez, adimen urriko pertsonen guraso talde batek Adimen Urrikoen Aldeko Bizkaiko Elkartea sortu zuen 1962an eta hura izan zen orain Gorabide denaren hastapena. Zortzi urte geroago izendatu zuten elkartea “herri onurakoa”. Helburu nagusia gizartea adimen urriko pertsonek bizi zituzten arazoaz jabetuaraztea eta egoitzak sortzea zen hasikerako garai hartan. Egoiliarren eta euren senitartekoen bizi-kalitatea sustatzea da berriz, gaur egun, Atxarte egoitzako gizarte langile eta erizainen eguneroko lana.