Gervasio Sanchez kazetari eta argazkilariak hamar urtean hainbat herrialdetan ateratako argazkiak dira erakusketakoak. Gerrak bizi izan dituzten herrialdeetara 10 urtetan zehar egindako bidaietan pertsonen kontrako minek eragindako kalteak eta ondorengo urteetako errehabilitazio prozesuak jaso ditu argazkietan erakusteko. Pertsona horien hamarkada bateko bizitzaren isla dira, finean, argazkiak.

Behin gatazka edo gerra bukatuta ere biktimak eragiten dituzte pertsonen kontrako minek; herritarrak izaten dira kaltetu nagusiak, eta, gehiegitan, umeak. Kordobako Gervasio Sanchez argazkilariak bere kamerarekin bildutako errealitate zatiak –mendebaldeko gizarteetakoon begietara gogor eta krudelak direnak– kontzientziaziorako bide izateko sortuak dira. Gerretan, eta behin gerrak ofizialki bukatuta daudenean, albistegiek ahazten dutena, albiste-gaitzat hartzen ez dena: horixe izan du bere kameraren objektiboaren helburu Gervasio Sanchezek gerra berriemaile izan denean.