Jubilatuen Egoitza hartu dezan egokitzen dutenean, Jose Luis Navarro alkatearen berbetan jaso dugunez, “epe labur batean” hartuko du eskolako eraikin zaharrak jubilatuen egoitza, “eta orain daukaten beste espazio izango dute erabilgarri”. Dena dela, Talde Independienteko alkateak nabarmendu duenez, oraingoz topatu duten irtenbidea da Jubilatuen Egoitza eskola zaharraren eraikinera eramatea.
Orain hainbat hilabetetik dihardue Jubilatuen Egoitza hartuko duen eraikina bilatzen udaleko arduradunek, eta hainbat aukera aztertu dituzte. Izan ere, orain hilabete batzuetatik hona, gauza jakina da gaur egun Jubilatuen Egoitza Matienako Osasun Zentroa zabaltzeko lekua eskatu diola Osakidetzak Udalari. Azterketa eta eztabaidagai ere izan da orain Jubilatuen Egoitza herriko osasun zentroa zabaltzeko erabiltzean jubilatuen elkartekoendako lekua zein izan daitekeen.
Alkateak asteon esan digunez, Udaleko Batzordean adostu dute Jubilatuen Egoitza, oraingoz, eskola zaharraren eraikinean hartzea, eta etorkizunean berriro lekualdatzea. Hain zuzen ere, Carbureibar enpresaren ondoan eraikiko dituzten etxebizitzen beheko solairuan lokala jasoko omen dute, eta bertan hartuko omen dute Jubilatuen Egoitza. Jose Luis Navarro alkateak azpimarratu duenez, horixe izango da herriko jubilatuen elkartearen behin betiko egoitza. Azpimarratu gura izan duenez, lokal hori gaur egungoa baino handi, apropos eta modernoagoa izateko egokituko dute.