Euskaraz eta historiaz jarduteko

Anboto 2008ko urr. 2a, 11:11

Zelaietako Kultur Etxean izango dira urriaren 9, 19, 23 eta 30ean ‘Eguen Kulturalak’ deitu duten ekimeneko hitzorduak. Abadiñon, euskara eta historia lako gaiak lantzeko.

Zelaietako Kultur Etxean izango dira urriaren 9, 19, 23 eta 30ean ‘Eguen Kulturalak’ deitu duten ekimeneko hitzorduak. Abadiñon, euskara eta historia lako gaiak lantzeko interesa dutenentzako aukera eskasiari erantzutekotan jo dute urriko eguenetarako programazioa osatzeari. Euskarazko ekitaldi normalizatuak falta direla herrian uste dutelako proposatu dute ekimena Udaleko Euskara Batzordean.

Urriaren 9an iluntzeko 20:30ean izango da lehenengo hitzaldia; Nafarroako Erresumaren jatorria izango da Mikel Sorauen historialari eta idazleak berbagai hartuko duena. Urriko hitzorduak Zelaieta Kultur etxean izango dira, baina ekimena abiatu duten herritarrek jakinarazi diguten asmoa urtean zehar antolatuko dituzten berbaldi eta mahai-inguruak herriko auzoetan egitea da.

Izan ere, urrirako programatu dituzten hitzaldiak ez ezik, mahai-inguruak ere antolatu gura dituzte, euren berbetan herriko hizkera, toponimia eta ohiturak gordetzeko aukera horixe da-eta: herriko nagusiak mahai baten bueltan batu eta entzuteaz gainera, euren irudi eta berbak grabazio baten jasotzea. Hori aurrerantzerako duten asmoa da.

Nafarroako erresumaren jatorriari buruzko hitzaldiak abiatuko duen zikloan bigarrena euskararen jatorriari buruz Alfontso Martinez Lizarduikoa unibertsitateko irakasleak emango duena izango da, urriaren 16an, 20:30ean, Txanporta kultur etxean. Hain zuzen ere, ordu eta leku horretantxe izango dira urriko eguen guztietako zitak; herritar guztiarendako zabalik diren hitzaldietara ahalik eta herritar gehien gerturatu daitezen aukeratu dute iluntzeko ordua.
Urriaren 23an, Aitzol Altuna historialariak eskainiko du Zelaietan berbaldia: Nafarroako Erresuma. Euskal estatua, eta bere gainbeheran eragina izan zuten gertakariak eta eragileak izeneko hitzaldia.

Euskal Herriko historiari eta euskararenari buruzko bina hitzaldi dakartzan zikloko urriko azkena urriaren 30ekoa izango da; Euskara Europako latina izan zeneko garaia, eta haren aztarna gaur egun izango da Martinez Lizarduikoak landuko duen gaia. Zikloaren sustatzaileek nabarmendu gura dutenez, “euskara ez da umeen hizkuntza, hizkuntza jazoa da eta halako gaiak euskaraz horratzeko aukerak behar dira”.

Abadiñarrendako ez ezik, ikasleendako ere intereseko izan litezkeelakoan, kreditu bat lortzeko aukera eskainiko diete unibertsitateko ikasleei. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!