Kamioi batera kateatu dira AHTaren kontra

Anboto 2008ko urr. 2a, 10:56

Uztailean Abiadura Handiko Trena eraikitzeko eskualdeko lehenengo lanak hasi zituzten lekuan, Mendiola auzoan, enborrak garraiatzen zebilen kamioi batera kateatu ziren martitzenean Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlaneko kide bi.

Uztailean Abiadura Handiko Trena eraikitzeko eskualdeko lehenengo lanak hasi zituzten lekuan, Mendiola auzoan, enborrak garraiatzen zebilen kamioi batera kateatu ziren martitzenean Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlaneko kide bi. Arratsaldeko 16:30ean lotu zuten euren burua eskumako irudian ikusten den kamioira, eta ia ordubete geroago suhiltzaileek katea apurtu zuten arte “Abadiñotik ez dira pasako” lako aldarrikapenak entzunarazi zituzten.



Kateatu ziren Elkarlaneko kide biak eta euren alboan “makinak kanpora” aldarrikatzen zuten beste bost lagunak identifikatu egin zituen Ertzaintzak, eta bai Elkarlaneko kideak bai kazetariok obren esparrutik ateratzera behartu gintuzten.

Mendiolatik Zelaietarako bidea eginda, Udaletxe parean kontzentrazioa egin zuten Abadiñarron lurrak bakean utzi lemagaz bategin zuten herritarrek. 19:00etan deituta zegoen udalbatzarrean ere izan zuen islarik AHT Gelditu Elkarlanaren aldarrikapenek, eta batzar aretoa bete egin zuten elkarretaratzera joandakoek.

Udalean ordezkatutako hiru alderdietako zinegotziei zuzenduriko idazkia irakurri zuten gai-ordenak zehaztutakoari heldu aurretik: idatzi horretan adierazten dutenez, “Abadiñoko Udalak 2007ko abenduaren 11n egindako osoko bilkuran adostu zituen puntuak bete ez dituela ikusita, bertara etorri gara Udalari adostutako puntuak bete ditzan eskatzera”. Udalari iaz egindako eskarian, parte-hartzea sustatzeko hitzaldi eta foroak antolatu zitzala eskatu zion Elkarlanak, eta azken hauen berbetan Udalak ez du AHTari buruzko “inolako foro edo galdeketarik” antolatu.

AHTaren inguruan Udalak orain arte izan duen jarrera “pasiboa” salatu zuten udalbatzarrera gertutatutako herritarrek, eta “proiektu horren aurrean jarrera argi eta garbia hartu dezala” eskatu zioten Abadiñoko Udalari.

“Gogoan hartuko dut”, erantzun zuen idatziaren irakurketa bukatu zuenean Jose Luis Navarro alkateak. Udalbatzar horretan, baina, beste une batean ere ahotan izan zuten AHTa mahaian batutako zinegotziek. Navarrok orduan gogora ekarri zuenez, bera lekuko ez zela sinatu zituzten lurjabe abadiñarrek desjabetze aktak ekainean.      
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!