EHNEk adinekoekin lantzeko jarduerak antolatu ditu

Anboto 2008ko urr. 2a, 10:32

Bai nekazaritza-guneetan bai herriguneetan “gabezia handiak” daudela somatuta, hirugarren adinekoekin lanean hasi gura du EHNE sindikatuak. Informazioa zabaltzeari helburu garrantzitsua deritze sindikatuko arduradunek, azaldu dutenez, eta horregatik berbaldi eta ikastaroak antolatu dituzte Bizkaian, bai gizarte zerbitzuak bai mendekotasunaren legea ardatz hartuta. Durangaldean ere izango dira hainbat jarduera.

Prebentzio eta arreta soziosanitarioa izenburupean ikastaroa antolatu dute EHNEk Abadiñon daukan egoitzan. Eskualde osora zabaldutako ikastaroa urriaren 14an hasiko dela jakin eragin dute, eta zaintzaileei, senideei zein adineko pertsonei zuzenduta dago; bai baserri-guneetan bai herriguneetan bizi diren pertsonei zabalduta.

Doaneko ikastaroa

Zainketa, elikadura, gorputza, gaixotasuna… hainbat dira doanekoa den ikastaro horretan landuko dituzten gaiak. Eskolak, berriz, arratsaldez izango dira; Egutegi eta ordutegi zehatza taldeak osatu eta gero finkatuko dituzte, partaideen arabera. EHNEk eta Solidaridad Intergeneracional erakundeak lotutako hitzarmenaren barruan antolatu dute ikastaroa, eta abendura bitartean iraungo du.

Informazioa zabaldu guran beste hainbat jarduerak ere antolatu dituzte, gainera. Gizarte zerbitzuen eta mendekotasunaren legearen inguruan sei berbaldi eratu ditu EHNE sindikatuak Bizkaian. Gure eskualdean, Abadiñon eta Berrizen antolatu dituzte. Urriaren 22an izango da berbaldia Berrizen, Anbulategi Zaharrean (Gure Izarrak elkarteak daukan egoitzan); Abadiñon, berriz, azaroaren 4an izango da, Errota kultur etxean, hain zuzen ere. Biak 18:30ean hasiko dira.

Informatikara hurreratuz

Bestalde, hirugarren adinekoak informatikaren munduan barneratzeko hainbat saio landuko dituzte KZguneetan. Abadiñon eta Berrizen izango dira jarduera horiek ere. Urriaren 23an dago jarrita horretarako hitzordua Berrizen; Abadiñon, berriz, azaroaren 6an. Batean zein bestean, 11:00etarako jarri dute ordua antolatzaileek.

Informazio gehiago eskatzeko edo izena emateko honako telefonoetara deitu daiteke: 672 233 786 edo 94 623 26 34.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!