Ohitura jarraituz, abuztuko azkenengo zapatuan, goizean goizetik abiatuta osatuko dute Errogatiba. Andra Marin egin dute hitzordua, eta oinezean egingo dute Santutegirainoko bidea. Ibildearen erdi aldera hamarretakoa egin eta ordu bi pasatxo ibili ondoren, meza izango da 12:00etan Urkiolan. Tradizioari jarraituta, ezpatadantzari eta ilanderen dantza emanaldia izango dira Urkiola gainean, Talde Batuak-eko dantzariek eskainita.
Andra Maritik barik, Zelaieta eta Matienatik autobusez egingo du beste hainbatek ibilbidea, eta meza ondoren bazkaria egingo dute, ohitura duten eran. Bazkarirako 200 jubilatu batzea itxaroten dute antolatzaileek. Urtero antolatzen duten bazkarian izena emon barik be, Urkiola gaineko landetan bazkaltzera geratzen denik ere izaten da Errogatiba egunean, eta edatekoa –ardaoa– debalde izango dute. Goizean goiz hasitako eguna, bazkalostean amaitzeko gogorik barik, baina arratsalde partean Urkiolatik herrira buelta eginda, bertako gaztainadian afaltzekoa da hitzordua. Erromeria izango da ondoren, Errogatiba Eguna aurtengoz amaitutzat emateko.