Lanengatik itxita dago Gaztetxea

Anboto 2008ko abu. 28a, 12:31

Espero zuten baino gehiago luzatu zaizkie egitekoak, baina Aita Kurutzetako jaietarako Gaztetxea zabalik izango da.

Uztail hasieran Gaztetxea berrizteko lanei ekin ziotenean, asteburu honetarako konponketak eginda eta zabalik izango zutela Gaztetxea aurreikusi zuten arren, oraindik lanak amaitu barik dituztela aipatu digute Gazte Asanbladako kideek. Espero zuten baino gehiago luzatu zaizkie egitekoak, eta aitortu digutenez, esperientzia bakoak dira bi hilabeteotan egiten jardun behar izan duten lan horietan eta astiro-astiro egin  dituzte egitekoak, gauza asko egiten ikasi behar izan dutelako.

Urrian hamargarren urteurrena izango dute Abadiñoko Gaztetxean, eta hori baino lehenago, hiru aste barru izango diren Aita Kurutzetako jaietarako dena prest izan eta Gaztetxea zabaltzea gura dutela diote; bestela ere egun horreetan zabaldu egingo dute.

Berriztuta eta berrikuntzekin egin gura diote ikasturte berriari aurre Gaztetxean, eta helburu nagusienetakoa izango dute Gaztetxea aurrerantzean egunero-egunero jente guztiarendako zabalik izatea. Aurreratu digutenez, kafe makina ipintzea da horretarako asmoetako bat.

Gazte Asanbladako hainbat kideren lana, uda opor sasoi izaten daben ikasleen lana, izan da uztail eta abuztuan Gaztetxean burutu duena, eta oraindik beste egun batzuetan iraungo omen dute Abadiñoko Gaztetxearen berrikuntzarako beharrek. I.E.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!