Mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak

Anboto 2008ko uzt. 17a, 10:23

Eskualdean Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak egiten hasi direla-eta, proiektuaren kontrako konpromisoa berrestera bildu ziren, joan zen barikuan, AHTren kontrako Elkarlaneko eragile eta herritarretarrak.

Eskualdean Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak egiten hasi direla-eta, proiektuaren kontrako konpromisoa berrestera bildu ziren, joan zen barikuan, AHTren kontrako Elkarlaneko eragile eta herritarretarrak. Abadiño-Durango tarteko lanak hasi dituztela salatzeko antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute Txanporta plazako agerraldi publikoan. Kalera ateratzera deitu dituzte eskualdeko herri guztietako biztanleak; Elkarlanean batutakoek aldarrikatzen dutenez, “orain da AHT geratzeko momentua, eta denon artean geratuko dugu”.



Joan zen barikuan eskualdeko herrietan deitutako kontzentrazioen eta martitzenean Mendiolako bidegurutzean egindako elkarretaratzearen ondoren, uztailaren 19an, zapatuan, deitu dute manifestazino nagusia: 12:00etan Txanporta plazatik abiatuko den Obrak eta txikizioa gelditu! AHTrik ez eta kitto! lema izango duen manifestazioa.

Abiadura Handiko Trenaren kontra elkarlanean batutako taldeetako ordezkariak batu dira Abadiñoko Txanporta plazan egindako agerraldian. Obrak hasi dituztenetik lehenengo agerraldia izan dute uztailaren 11koan egindakoa, eta abiapuntua izango dutela aurreratu dute.
Prentsaurrekoa egin duten lekutik gertu, Mendilibar auzoan hasi dira eskualdeko lehenengo obrekin. Abiadura Handiko Trenaren kontrako Durangaldeko 30 lagun batu dira obren hasiera salatzeko. Toki horretan makina asko sartu, zuhaitzak bota eta mendiko bide asko zabaldu dituztela salatu dute prentsaurrekoan.

Alegazio epea, udan
Jende asko kanpoan den garaian, udan, zabaldu izana alegazioak aurkezteko epea gogor kiritikatu dute Elkarlanekoek, eta 5 kilometroko luzera daukan Zornotza-Zornotza tartean alegazioak aurkezteko hamabost eguneko epea zabaldu berri dutela. Arrasate-Elorrio zatiari alegazioak aurkezteko epea ere zabalduko dutela aurreratu dute prentsaurrekoan.

Abiadura Handiko Trena “elitista da, gutxi batzuen –eraikitzaile, politikari eta goi mailako enpresarien– interesak asetzeko trena da”, azpimarratu du Elkarlanaren izenean berba egin duen bozeramaleak. “Jendeari munstro honi aurre egitera dei egiten diogu”, aldarrikatzen dute, “gure eskuetan dago eta beharrezkoa da jende guztiaren inplikazioa proiektu txikitzaile hau gelditzeko”. Joan zen barikuan hasita antolatu dituzten protesta eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.

Uztailaren 19an mobilizatzeko deia
Zapatuan, uztailaren 19an, joan zen astean prentsaurrekoa egin zuten plazatik abiatuko den manifestaziorako deia zabaldu zuten Txanportan egindako agerraldian. Uztailaren 19an,12:00etan ipini dute Txanportan hitzordua, eta bertatik abiatuko dira manifestazioan.
Joan zen bariku arratsaldean, eskualdeko hainbat herritan izan ziren Obrak eta AHT Gelditu lemagaz kontzentrazioak. Eskumako irudian jaso dugun eta Atxondoko Elkarlanak deitutakoa lakoak egin ziren eskualdeko beste herri batzuetan ere.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!