Lurpetik igaroko du Gaztelua auzoa saihesbideak

Anboto 2008ko uzt. 4a, 10:42

Hainbeste urtean garatu barik geratutako egitasmoaren berrikusketa egiterakoan, urteotan eraikuntza lanen teknikan izan diren aurrerakuntzak barneratuta, bestelako trazatu bat izatea eta tunela luzatzea aurreikusi du Interbiak-ek.

Orain hilabete batzuk berriro euren lurretan neurketa eta zundaketak egiten topatu dituzte gazteluarrek Aldundiko langileak. Izan ere, 1992tik Aldundiak bere egitasmoen artean daukan Gerediaga-Muntsaratz errepidea egiteari berriro helduko diola adierazi dute oraintsu. Zundaketa eta neurketa lanei barriro ekin deutseela ikusita, Aldundira jo dabe, beste behin, Gazteluko auzotarrek. Esan digutenez, orain zenbait urteko errepidearen egitasmoa berrikusi eta aurreproiektuan aldaketak egin dituztela jakin dute.



Orain dela zenbait urte herritarrak proiektuaren kontrako sinadura bilketa egitera eta Udaleko alderdi politikoei konpromisoak eskatzera bideratu zituen egitasmoa aldatu egin dute. Auzotarren euren berbetan, hainbeste urtean garatu barik geratutako egitasmoaren berrikusketa egiterakoan, urteotan eraikuntza lanen teknikan izan diren aurrerakuntzak barneratuta, bestelako trazatu bat izatea eta tunela luzatzea aurreikusi du Interbiaksozietatearen Gerediaga-Muntsaratz errepide tarteko aurreproiektuak.

Oinezean ibiltzera edo kirola egitera joaten diren eskualdeko biztanle asko hartzen ditu ehun biztanle inguruko Gaztelua auzoak, eta aurreproiektuaren aldaketa hori horientzat guztientzat onuragarria dela adierazi digute, bai auzotarrek bai Gobernu Taldeko ordezkariek. Hasierakoaren aldean, “proiektu hau gauzatzen bada gazteluarrok ez dugu errepidea ikusiko eta, laburragoa ere badenez, espropiazioak gutxiago izango dira”, diote.

Lau edo sei erreiako errepidea estali barik joango balitz auzoa erdibituko luke, auzotarren bizi-kalitatean eragin negatiboa izanik, eta horrexegatik mobilizatu ziren egitasmoaren kontra auzotarrak, eurek esan digutenez. Izan ere, lehenengo ezagutu zuten egitasmoak jasotzen zuenez, estali barik hartzen zuen auzotik igarotzen zen tartea errepideak eta tunelean metro gutxi igarotzen ziren. Aurreproiektuaren aldaketa honen arabera, tunelean eta lurpetik igaroko du errepideak Gaztelua auzoa. Errepideak orokorrean auzoan izango duen eragina eta norbanakoei sortuko dizkien kalteak txikiagoak izango direla uste dute auzotarrek. Jose Luis Navarro alkatearekin izandako elkarrizketan baina, errepideak eragingo dituen kalteez galdetuta, eta aldaketaren abantailak nabarmendu arren, lanek auzotarrengan eragina izango dutela azpimarratu du. Alkatearen berbetan, “herriak jasaten dauen auto joan-etorria murriztuko duen errepidea izango da hau, eta herrian behar-beharrezko duguna”. Auzotarrei “babesa ematea” izango da alkatearen berbetan aurrerantzean Udalaren egitekoa eta, esan digutenez, lanek irauten duten bitartean araudi guztiak betetzen direla ziurtatzea ere bai.

Bizkaiko Aldundiak bost urteren buruan erabilgarri gura duen errepidea da Irisgarritasun Jasangarriaren Planaren barruan dagoena, eta bost urteko epean erabilgarri izatea itxaroten dute Bizkaiko Aldundiko arduradunek.

Lurpeko tunelak eginez eraiki asmo dabe bidea
Muntsaratz-Kanpazar errepidea tuneletan lurperatuta marrazten duen aurreproiektua da orain dela hamar urte baino gehiago proposatu zutenaren berrikuspena egitean Bizkaiko Aldundiko Interbiak sozietate publikoak osatu duena.

A8 autobideagaz lotunea egingo duen Gerediagatik Muntsaratz auzorako sarrera izango den lekuraino, Abadiñoko Gaztelua auzoa zeharkatzean lurpetik eta tunelean aurreikusita dago errepidea. Jose Luis Navarro alkateak esan digunez, “atzerapenak proiektua hobetzea ekarri du”. Herriak jasaten duen gehiegizko trafikoari konponbidea emateko, errepide hori behar-beharrezko ikusten dutela esan dig alkateak.

Aurreproiektuaren testu horren azpiko planoan ikusi daitekeenez, hasierako egitasmoan markatutako errepidearen trazatua ere aldatu egin dute berrikuspenean; Gaztelutik joango den errepidearen lerro hori desplazatu egin dabe.

2001ean Aldundira helarazitako idatzi batean eskatu zuen Abadiñoko Udaleko arkitektoak egitasmoak lurpeko zatia luzatzea. Gazteluako uren deposituaren azpikaldean tunelean sartuko da eta auzoa lurpetik gurutzatuko du, beraz, bideak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!