Abadiñoko udalerriko hirugarren berdintasun plana garatzeko prozesu parte-hartzailea zabaltzeko asmoarekin abiatutako ekimenaren barruan, parte-hartzea gaur egun zertan den aztertu dute hasteko, eta azterketa horren emaitzen barri eman dute aste honetan Txanporta kultur etxean.
Euskal Herriko Unibertsitateko lau ikaslek herritarren parte-hartzearen diagnosiaren ondorioen berri eman dute batzarrean. 20 bat lagunen aurrean egin dute martitzenean aurkezpena. Otsailetik hona, herriko eragile eta biztanleekin egindako tailer eta elkarrizketetan oinarrituta atera dituzten zenbait ondorio aurkeztu dituzte Txanportan. Diagnosi hau egiteko zabaldutako herritarren parte-hartze prozesuak aurrera jarraitzea da, Maite Blanco bardinatsun teknikariak esan duenez, helburua; “Batzar hau parte-hartze prozesuaren hasiera izan daiten da gura duguna, ez amaiera”, azaldu du teknikariak. Hainbat herritar eta herriko elkarte batzuetako kideak izan dituzte entzule unibertsitateko ikerketa taldekoek, eta hainbat ondorio agertu dituzte aurkezpenean; besteak beste, asoziazionismoak herrian daukan garrantzia nabarmendu dute, eta herritarren artean daukan onarpen maila handia ere azpimarratu dute.
Bost jarraibide
Otsailetik hona, herritarrek egindako ekarpenetan oinarrituta, bizitza sozial eta politikoan daukien parte-hartzea sustatzeko zenbait jarraibide zehaztu dituzte: elkarteen boletin informatiboa argitaratzea litzateke horietariko bat– elkarteen arteko hartu-emana bultzatzeko asmoz–, elkarteen eta Udalaren arteko harreman horien dinamizazioaren ardura izango lukeen teknikari bat izatea Udalean, elkarteentzako lokal gehiago eta baldintza hobeetan izatea, eta parte hartzeko bideak kalean eskaini daitezela proposatu dute, besteak beste.
Gazteak parte-hartzera bideratzeko bideak zeintzuk izan daitezkeeen asmatzea ere oso garrantzitsutzat jo dute. Hain zuzen ere, aurkezpenera hurbiltako herritarren galdera eta ekarpenerako zabaldutako tartean ere eztabaida gehien eragin zuen gaia izan zen gazteen parte-hartzea zelan sustatu ote daitekeen.