Joan zen eguaztenean batu ziren Abadiñoko Udala, Gerediaga auzoko Hamabi Harri auzo elkartea eta Garaiko Udala. Batzarreko gaia, A8 autobidean hirugarren erreia eraikitzeko Garain egin asmo duten hondakindegia izan zuten. Hain zuzen ere, batzar horretan Garaiko Udalari eskaria egin zietela esan digute Hamabi Harri elkartekoek.
Gerediaga auzoak ezin duela Garain egin gura duten hondakindegi horrek eragindako trafiko itzela jasan diote, eta hondakindegira egin beharreko joan-etorrietan Gerediaga auzotik pasatu beharko dutela kamioiek. Hondakindegiaren kokapen edo bide alternatibo bat bilatzeko beharra nabarmentzen dute auzo elkartekoek. Hain zuzen ere, horixe azpimarratzen dute hondakindegiaren egitasmoari eginiko hiru alegazioetan ere. Garaiko Udalaren partetik, hondakindegiaren kontrako jarrera itxaroten zutela azaldu digute, “ baina hori topatu beharrean kamioiak hobeto joan daitezen bidea zelan egokitu planteatu du bere aldetik egindako alegazioetan Garaiko Udalak”, diote. Hondakindegiak Gerediagan izango duen eragina Garaiko Udalak ez duela baloratu uste dutela diote.
Joan zen asteko batzarrean, Garaiko alkateak konpromisoa hartu zuela esan digute Hamabi Harrikoek, hondakindegiaren gaia plenora eramateko eta udalbatzak onartuz gero beste bide bat eraikitzea proposatuz egin zuten alegazioa erretiratzeko.
Aurrerantzean ere, “Gerediaga auzotik ez” esango dutela esan digute Gerediagako Hamabi Harri elkartekoek. “Hor goian hondakindegia egitea erabaki dabenak pentsatu beharko du nondik joan behar duen horrenbeste kamioik; hondakindegia hor ipintzea erabaki duen erakundeak”.
“Basauritik Abadiñora, hirugarren erreiak kaltetutako herri bat bada, Abadiño da hori, eta justu gurea da hirugarren erreiari alegaziorik egin ez deutsan udal bakarra”, diote elkartean. Horregaitik, Abadiñoko Udalagaz oso kritiko direla esan digute, nahiz eta hondakindegia beste nonora eramatea proposatuko duela adierazi dieten Udalekoek.