Apirilean egindako azterketaren emaitzak

Anboto 2008ko eka. 12a, 11:13

Orokorrean, “pozik gaude atera diren emaitzekin”, aipatu du datuak aurkeztu eta balorazioak egiteko deitutako agerraldian Jose Luis Navarro alkateak

Apirilean airearen kalitatea neurtzeko azterketak egin dituzte herriko bi gunetan, Muntsaratz auzoko dorretxearen behealdean eta Matiena auzoko fundizio baten ondoan. Orokorrean, “pozik gaude atera diren emaitzekin”, aipatu du datuak aurkeztu eta balorazioak egiteko deitutako agerraldian Jose Luis Navarro alkateak. Azaldu duenez, hainbat arrazoik bideratu ditu azterketa hau eskatzera: fundizioetatik oso hur bizi diren zenbait auzotarren arduraren berri jaso zutelako, haurtzaindegi ondoan behin-behineko aparkalekua zabaldu zutenetik bertan jasaten duten kutsadura gehiegizkoa ote den neurtzeko beharra zutelako, eta “arnasten dugun airea zer baldintzatan dagoen jakitea beti delako interesgarria”, alkatearen berbetan.




Hiru adierazle

Herrian airean dagoen kutsaduraren adierazgarri diren hiru parametro neurtu ditu Labein enpresak. Airean metro kubiko bakoitzeko dagoen sustantzia kutsagarrien proportzioa neurtu dute. Zehatzago esateko, Abadiñon airean dagoen karbono monoxido, azufre dioxido, oxido nitriko eta ozono kantitatea neurtu dute. Neurtutako adierazleei dagokienean, osasunerako kaltegarri diren mugez oso azpitik daudela nabarmendu du alkateak eta, batez ere, “herriak jasaten duen trafikoarekin itxaroten ez genuen moduan, gure airean autoen emisioek duten eragina ez da oso handia”.

Airean dagoen karbono monoxidoaren zenbatekoaren muga 10 miligramotan badago, Abadiñon miligramo bakarra dagoela adierazo  du azterketak. Gasolina erretzean sortzen den keagaz eta, beraz, kotxe kopuruagaz oso lotutua dago karbono dioxidoaren kopurua. Fundizioetatik aireratzen dituzten keetan izaten den azufre dioxidoaren muga, barriz, 350ean kokatua dago, eta 40 eta 50 arteko balioak topatu dituzte. Osasunerako jasangarriak diren emisinoen mugan dago, bestalde, ozonoaren kopurua: 180koa da osasunarendako jasangarria den kopurua, eta 140 eta 165 bitarteko balioak neurtu dituzte Muntsaratz eta Matiena auzoetan. Apirilean batutako datuok egiaztatu ahal izateko, udazkenean beste neurketa bat egingo dutela aurreratu gura izan du alkateak. Herrian estreinekoz egindako neurketaren emaitzak “bikainak” direla dio alkateak, baina baita ere instituzioek ezin dezaketela ingurumenari dagozkion kontuetan erlaxatu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!