Buruan kolpea hartuta Abadiñon hildako behargina ekarri dute gogora, asteon, ELA eta LAB sindikatuek. Joan zen barikuan, Langilearen Nazioarteko Egunaren biharamunean gertatu zen ezbeharra, UAI-II industrialdean dagoen Tratamientos Termicos de Iurreta enpresan.
Astelehenean egin du elkarretaratzea ELAk, eta martitzenean, berriz, LABek. Azken sindikatu horrek gogoratu duen moduan, aurten, dagoeneko 37 lagun hil dira lan istripuan Euskal Herrian.
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak emandako informazioaren arabera, garabiak edo xafla batek eragin zuen istripua, eta 55 urteko behargina hil egin zen buruan kolpe gogor bat hartuta. Arratsaldean izan zen istripua, eta bertaratutako osasun-langileek heriotza baieztatu baino ezin izan zuten egin. Suhiltzaileek ere bertaratu behar izan zuten.
Durangaldean, dagoeneko, hiru langile hil dira aurten azken istripu honekin. Martxoan hil ziren beste behargin bi Durangon; bata 19 urteko gaztea.