Behera etorritako bidearen konponketa

Anboto 2008ko ots. 21a, 12:16

“Zulo handia da”, eta egin beharreko lanak ere tamainakoak izango direla aurreratu digu Abadiñoko Independienteak taldeko alkateak

Orain zenbait hilabete, Jose Luis Navarro alkateak gogora ekarri digunez “aurreko legegintzaldian”, behera etorri zen Gaztelua auzorako errepidearen zati bat. Ustebako gertaera horren ondoren, bidea lehengora bueltatzeko lanen ardura Aldundiak hartu zezala saiatu omen ziren lehenengo Udalekoak, baina Aldundiak bere gain hartu ez dauenez, lanen esleipena Udalak berak abiatu eban.

Navarrok azaltzen duenez, “egin beharreko lanak oso serioak dira”, eta “horregaitik”, arrazoitzen du alkateak, lanak lehiaketa publikoan jarri zituzten lehenengo aldian baldintza zorrotzak ipini zituzten. Lehiaketara, dio, ez zen inor aurkeztu, eta hori dela-eta berriro deitu dute Gazteluako bidea konpondu eta berriro jausi ez dadin horma egiteko lanak esleitzeko lehiaketa. “Aurrekontua %10 igo dugu” (97.649,28 eurokoa da orain), dino, eta asteon aurkeztu omen da enpresa bat lanak egiteko. “Zulo handia da”, eta egin beharreko lanak ere tamainakoak izango direla aurreratu digu Abadiñoko Independienteak taldeko alkateak. Hala ere, eta bigarrenez lehiaketara aterata, “hilabete baten buruan Gazteluko bidean horma eraikitzeko lanak hasiko direla aurreikusi dugu”, adierazi digu Navarrok.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!