Gerediagako batzartokiaren 500. urteurrena aintzat hartuz, oroimen ekitaldia egingo dute, bihar, otsailaren 1ean, Gerediagako Foru Gunean (Abadiño).
Juana Lehena, Bizkaiko Andreak, agindu zuen “antzinako ohitura jarraituz” Durango Merinaldeko 12 elizateak biltzen zituen Durangaldeko Batzar Nagusiak Gerediagako tontorrean ospatzea, eta bosgarren mendeurrena beteko da horretaz, Gerediagakoek jakin eragin dutenez: “ Badakigu lehenagotik ere toki honetan batzartzen zirela, ezagutzen dugun lehen aipamena 1387.koa da, baina, hau dugu Jaun/Andere baten lehen baieztapena”.
Gerediaga elkarteak, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Durangaldeko Merindadeko Amankomunazgoarekin elkarlanean antolatutako ekitaldia 12:00etan hasiko da gonbidatu eta agintariei harrera eginez. Baselizan izango den oroimen ekitaldia 12:20ean izango da eta bertan parte hartuko dute honako gonbidatuek: Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Maria Angeles Larrauri Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Lehendakariak, Jose Luis Navarro Abadiñoko Alkateak eta Nerea Mujik, Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteko lehendakariak. Gregorio Monrealek Gerediagako Foru Guneari buruzko berbaldi laburra ere eskainiko du.
Ondoren, elizpean dagoen oroimen plakan lore-eskaintza egingo da 13:20an eta jarraian soka dantza Foru Zelaian.
Mendeurren hau dela eta ”Gerediagagana” izenburuarekin Jon Irazabalek idatzitako liburuxka bat ere argitaratu da. 32 orritan zehar gune honen historia eta esanahia ezagutzera ematen dira. Aitatu dezagun urtean zehar ere zenbait ekitaldi antolatzea aurreikusi dutela mendeurrena aintzat hartuta.